Urtebete igaro da Allende Salazarren “bertakoa eta osasuntsua” den jantoki berria martxan jarri zutenetik, eta urteurren hori aprobetxatu dute balorazioa egiteko, besteak beste. Hala, gaur arratsaldean ikastetxean bertan egin duten prentsaurrekoan adierazi dute ikasleek jaten duten elikagaien kalitatea “nabarmen hobetu” dutela proiektu horri esker.
Eskolako ikasleen osasuna zaintzeko, Urdaibaiko jasangarritasuna bermatzeko eta lehen sektorea bultzatzeko asmoz jarri zuten martxan aipatu proiektua Gernikako ikastetxe horretan. Eta helburu horiek lortzekotan, hainbat lagun izan dituzte bidelagun: hala nola, Guraso Elkartea, Zuzendaritza eta irakasleak, ikasleak, jantokiko hezitzaile, sukaldari eta jantokiko arduradunak, proiektuaren koordinatzailea eta baserritarrak. Hala, horiek guztiak zoriondu eta eskertu nahi izan dituzte gaur, proiektua “posible egitearren”.
Azaldu dutenez, elikagaien kalitatea hobetzeagaz batera, bertoko ekonomia bultzatu eta lanpostu berriak sortu dituzte. Era berean, jantokiko langileen lan baldintzak mantendu dituztela ere aipatu dute, “lan karga handitu barik”.
Gainera, erakundeek eta familiek ez dutela diru gehiagorik jarri behar izan nabarmendu dute, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa lortu baitute. Hori posible egin du proiektuaren kudeatzaile den Allendeko Guraso Elkarteak, bera arduratu baita elikagaiak zuzenean erosteaz, inongo irabazirik jaso barik.
Elikagai horiek, gainera, nondik eratorritakoak diren ere zehaztu dituzte gaur. Hain zuzen, elikagaien %57,13 Busturialdean erosten dutela jakinarazi dute –ehuneko horren barruan kokatzen dute Ondarroako arraina ere–, eta %76,32a da Euskal Herriko txoko ezberdinetan erositakoa. Elikagai guzti horien artean, bestetik, ekologikoak dira %70,2.
Gainontzekoentzako aukera
Gaur gaurkoz, Allende Salazar ikastetxeak baino ez dauka eskualde mailan jantoki eredu hori ezartzeko eskumena, baina gainontzeko eskola guztiei ere eredu hori aukeratzeko eskubidea bermatzea nahi dutela argi utzi dute gaurko prentsaurrekoan: “Araudia alda dezatela, beste jantoki eredu bat posible dela sinesten duten eskola eta erakunde asko daude eta!”. Modu berean, eskualdeko erakundeei tokian tokiko nekazaritza eta ekoizpena bultzatzen laguntzeko eskatu diete.
Orain arte egindakoagaz “harro”, hurrengo urteetan ere proiektua lantzen, babesten eta zabaltzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute Allendekoek, horretarako, beraien indar eta elkarlanean sinestuz.