Mario Lopezek Lointek Gernika Bizkaia entrenatzen jarraituko du
Gernikarraren kontratu berritzearen berri gaur eman du klubak. Era berean, Txutxi Solar laguntzaileak ere bere karguan segituko duela adierazi dute klubetik.
Beste denboraldi batez “etxean” jarraitzeagatik oso pozik dagoela adierazi du Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak, eta 2017-2018 denboraldian ere jendea “ilusioz betetzen” segitzea espero dute. “Maloste betez, eta saskibaloi ona praktikatuz, aurreko denboraldian bezain lehiakorrak edo lehiakorragoak izan gura dugu. Jarraitzaile denak ilusioz beteko dituen taldea osatzeko ahaleginean ari da kluba”.
Gernika KESBetik nabarmendu dutenez, Lopezen kontratu berritzea taldea hazten jarraitzeko “giltzarrietako” bat da.
Bestalde, bigarren urtez denboraldiko Entrenatzaile Onenaren saria jasoko du ekainaren 30ean (barikua) egingo duten XIII. Bizkaiko Saskibaloiaren Galan. 20:00etatik aurrera Euskalduna Jauregian egingo dute Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren ekitaldia.
Era berean, C.B Getxok Denboraldiko Klubaren saria jasoko du, eta C.B Tabirakok Oinarrizko Kirolaren Sustapenarena. Denboraldiko Emakumezko Jokalaririk Onenaren saria Aitana Vergarak jasoko du, eta
Denboraldiko Gizonezko Jokalaririk Onenarena Iker Salazarrek. Arbitroen artean, berriz, Fernando Fernandez Salicio sarituko du Bizkaiko Saskibaloi Federazioak.
Espainiako selekzioagaz
Bestalde, Espainiako Saskibaloi Federazioaren konfiantza izaten jarraitzen du gernikarrak. Oraingo honetan emakumezkoen U16 taldearen hautatzailea izango da. Taldeak Hungarian lehiatuko diren Europako Gazte Olinpiadak jokatuko ditu, eta baita Frantzian lehiatuko duten Europako Txapelketa ere.