Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Ekoetxea Urdaibain batu da
Ondarroako Udala Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko egiten ari den larrialdiko lanak finantzatzeko laguntza 3,2 milioi eurora zabaltzea berretsi du Gobernu KontseiluakIgurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean, eta, urtero legez, horren h...
Ondarroako Udala Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko egiten ari den larrialdiko lanak finantzatzeko laguntza 3,2 milioi eurora zabaltzea berretsi du Gobernu Kontseiluak
Igurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean, eta, urtero legez, horren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean batu zen atzo. Hain zuzen ere, Busturiko Ekoetxea Urdaibain batzartu ziren Lehendakaria eta sailburuak.09:30ean iritsi zen Iñigo Urkullu Lehendakaria Ekoetxeara; zain zituen sailburu guztiak. Busturiko alkate Aitor Aretxaga ere han zegoen, lehendakariari harrera egiteko.
Gobernu Kontseilua hasi aurretik, Ekoetxea Urdaibaiko atartean jarri berri duten Cirbu erakusketa iraunkorra bisitatzeko aukera eduki zuten. Erakusketa horren helburua, bisitari guztiei, baina, bereziki, gazteenei, Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen paisaiak, ekosistemak eta biodibertsitatea hurbiltzea da. Hori guztia modu erakargarri batean egin gura izan dute, eta horretarako ikus-entzunezko ugari aurki daitezke erakusketa berrian.
4,1 milioi euro
Atzoko Gobernu Kontseiluan Ondarroa izan zuten hizpide. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan esan zuenez, Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko premiazko lanak finantzatzeko laguntza 3,2 milioi eurora zabaltzea onetsi dute. Erkorekaren arabera, otsailean, Jaurlaritzak Ondarroako Udalari 2 milioi euroko laguntza ematea onetsi zuen, eta atzo berretsi zuten laguntza hori igotzea, «konplexutasun handiko obretan aurrera egiteko eta beren etxeak utzi behar izan dituzten herritarren ondare pertsonala babesteko».
Erkorekak esan zuen interes publiko eta sozial argiko obra dela Ondarroakoa, eta agerikoa dela udalerriko auzotarrak babesik gabe gera daitezkeela finantzaketa premiengatik. Hala, gogorarazi zuenez, ekarpen horregaz, 4,1 milioi eurokoa izango da Jaurlaritzak Ondarroako Udalari pasa den urtetik emandako laguntza.
Ondarroako Udalak zapatuan egindako agerraldian aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak Kamiñaldeko lanak ordaindu ahal izateko 1,2 milioi emango dizkiola udalari. Hala, atzo Jaularitzak baieztatu egin zuen zapatuan udalak aurreratutako albistea.