San Roman auzoan bilduko dira Muxikako gazteak zapatu honetan, beren eguna ospatzeko.
Zortzigarrenez antolatu dute Gazte Eguna, eta egitarau zabala prestatu dute. 10:00etan botako dute txupina, egunari hasiera emateko. Paella txapelketan parte hartu gura dutenek 11.00etan eman beharko dute izena, eta 14:30ean aurkeztu beharko dituzte. Bitartean, Ibarruriko Basotxoritxuko dantzarien saioagaz eta Gernika-Lumoko Tukatukada batukadagaz giroan sartzeko aukera izango dute gazteek.
Paellak aurkeztu eta epaileek dastatu ostean, 15.00etan hasiko dira bazkaltzen. 17:00etan hasiko dira kuadrillen arteko olinpiadak, eta musean aritzeko aureka ere edukiko du gura duenak.
Txapelketan izena emateko 15 euro ordaindu beharko da bikoteko. Txikienek gozateko, umeentzako jokoak ere egongo dira bazkalostean.
Gauean, kontzertuek animatuko dute San Roman gaina. Hexen, Urrats, Sarkor eta Vendetta taldeek joko dute aurten. Ostean, TPR eta Kool Thing arduratuko diraa musika jartzeagaz.
Antolatzaileek gogoratu dute egun osoan zehar Bizkaibus zerbitzua dagoela Muxikaraino; eta gauean tren zerbitzua ere badago zapatuetan.