Ibon Elorrietak Busturiko txokoak irudikatu ditu akuareletan
Hamalau akuarela jarri ditu ikusgai Altamira auzoko Kultur Etxean. Ekainaren 11ra arte bisitatzeko aukera egongo da.
Busturiko erakusketarako akuarelak argazkiak erabilita egin dituela dio, baina beste zenbait lan egiteko lekuetara bertara jotzen du. «Erakusketa hau, herrikoa izanik, patxadaz hartu gura izan dut. Lasaitasuna bilatzen ibili naiz».
Kopia zehatzak baino, interpretazio pertsonalak ematen dizkie bere lanei: «Lekuak zehatzak badira, batez ere, koloreak aldatzen ditut. Hala eta guztiz ere, zuhaitzen bat edo beste ere aldatu izan dut».
Une honetan buru-belarri dabil akuarelekin, egunero margotzen duela dio, nahiz eta marrazkiak era digitalean ere lantzen dituen. Ekainaren 11ra arte bisitatu ahalko da Elorrietaren erakusketa, kultur etxearen ordutegian: 09:00etatik 11:30era eta 16:00etatik 20:30era.
