Eskualdeko LABek zuzendaritza berritu eta sindikatuaren indarra berretsi du
9. biltzar nagusiko ondorioak aurkeztu ditu eskualdeko LABek gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Inoizko ordezkaritza handiena dauka LABek eta EAEko bigarren sindikatu bilakatu da. Hala ere, mobilizazio gehiagoren beharra azpimarratu dute, EAJ-k ontzat eman duen estatuarekiko menpekotasuna salatzeko.
Horrez gain, eskualde mailako aldaketak eta egoera ere azaldu dute bertan bildutako delegatuen aurrean. Besteak beste, lekuko aldaketa eman da, orain arte eskualdeko arduradun izan den Aitziber Barandikak sindikatua utzi eta Ion Basurkok hartu du bere tokia.
Basurkoren taldekide izango dira Jobi Alkorta Industria federazioan, Xabier de la Maza abokatua, Ramon Garaizar eta Mari Karmen Aransolo zerbitzu publikoetan eta Alexis Rodriguez azaroa bitarte eta ekainetik aurrera Bittor Peso zerbitzu pribatuetan.
Biltzar Nagusian aho batez onartu zen 2012-2017 urteetan egindako kudeaketa balantzea, zuzendaritzako proposamenak %91,5eko babesa jaso zuen eta honekin ziklo bat bukatutzat eman zuten. Halaber, Ainhoa Etxaidek Garbiñe Aranbururi pasatu zion lekukoa. Eskualdeko 18 pertsonek parte hartu zuten 9.Biltzar Nagusian eta seik aurretik egon ziren nazio arteko mintegietan. Gasteizen bildutakoek kapitalismoari beste alternatiba bat badagoela aldarrikatu zuten, pertsonetan oinarritutako alternatiba, hain zuzen ere.