Busturiko txokoak akuareletan
Hamalau akuarela jarri ditu ikusgai Ibon Elorrieta busturiarrak Altamira auzoko Kultur Etxean. Ekainaren 11ra arte bisitatzeko aukera egongo da.Bere herria, hau da, Busturia irudikatu gura izan du Ibon Elorrietak Altamirako Kultur Etxean jarri duen era...
Hamalau akuarela jarri ditu ikusgai Ibon Elorrieta busturiarrak Altamira auzoko Kultur Etxean. Ekainaren 11ra arte bisitatzeko aukera egongo da.
Bere herria, hau da, Busturia irudikatu gura izan du Ibon Elorrietak Altamirako Kultur Etxean jarri duen erakusketan. Dioenez, herrian ezagunak diren lekuak eta hain ezagunak ez direnak marraztu gura izan ditu.Paresi auzoa izan ezik, Busturiko gainontzeko auzo guztiak irudikatu ditu bere akuareletan, erakusketako lan guztiak baitira akuarelak. Hain zuzen ere, hamalau lan aukeratu ditu kultur etxeko hormetan erakusteko. Eta, erakusteaz gain, salgai ere baditu.
Diseinu grafiko eta ilustrazio ikasketak ditu Elorrietak, baina akuarelen teknika gustuko duela esan du busturiarrak. Hala ere, lan digitalak ere egiten dituela esan du: «Hasten nago orain, iaz amaitu nituen ikasketak. Ikasitakoaz bizi nahiko nuke, eta astiro-astiro noa».
Busturiko erakusketarako akuarelak argazkiak erabilita egin dituela dio, baina beste zenbait lan egiteko lekuetara bertara jotzen du. «Erakusketa hau, herrikoa izanik, patxadaz hartu gura izan dut. Lasaitasuna bilatzen ibili naiz».
Kopia zehatzak baino, interpretazio pertsonalak ematen dizkie bere lanei: «Lekuak zehatzak badira, batez ere, koloreak aldatzen ditut. Hala eta guztiz ere, zuhaitzen bat edo beste ere aldatu izan dut».
Une honetan buru-belarri dabil akuarelekin, egunero margotzen duela dio, nahiz eta marrazkiak era digitalean ere lantzen dituen. Ekainaren 11ra arte bisitatu ahalko da Elorrietaren erakusketa, kultur etxearen ordutegian: 09:00etatik 11:30era eta 16:00etatik 20:30era.