Kamiñazpiko jaiak txikientzako ekintza berritzaileekin datoz
Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie denda, taberna eta enpresa laguntzaileei, eta baita udalari eta jaia aurrera eramaten lagunduko duten auzotarrei MIKEL SANTISOMota guztietako ekintzaz beterik hasiko dira bihar arratsaldean, Kamiñazpiko jai...
Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie denda, taberna eta enpresa laguntzaileei, eta baita udalari eta jaia aurrera eramaten lagunduko duten auzotarrei MIKEL SANTISO
Mota guztietako ekintzaz beterik hasiko dira bihar arratsaldean, Kamiñazpiko jaiak. 18:00etan botako dute festei hasiera emango dien txupina, eta orduan zabalduko dute txosna ere. Momentu horretatik aurrera, jatekorik eta edatekorik ez da faltako Kamiñazpin.Ekintza batzuk urtetik urtera aldatzen ez diren arren, beste batzuk berritzaileak dira aurten, zezen txikiak eta poneyak, esaterako: «Antolakuntzatik, txikienentzako berritasunen bat sartu nahi genuen egitarauan, eta poneyekin eta zezen txikiekin batera jolasteko aukera polita izan zitekeela iruditu zitzaigun».
Aurten ere jende gehien batuko dituzten ekintzak paella jana eta kontzertuak izango dira. Bazkaritan 21 talde eta 370 lagunetik gora bilduko dira. Kontzertuei dagokienez, azken urteetan modura, talde ezagun baten eta herriko talde baten aldeko apustua egin nahi izan dute antolaketa batzordekoek, eta horregatik, Willis Drummond taldea eta Itzalak talde ondarrutarra gonbidatu dituzte aurten. Bariku gaueko Playback lehiaketa beste urteetan bezain arrakastatsu dator, talde kopuruari dagokionez.
Elkarlana
Kamiñazpiko Jai Batzordeko kideek azpimarratu dutenez, beste urte batez, Ondarroako Udalagaz eduki duten harremana txalotzekoa izan da. Herriak azken urtean bizi duen egoera ikusita, «adostasunetara» iritsi dira Kamiñazpiko jaiak guztiek batera aurrera eraman ahal izateko, zailtasunak zailtasun: «Argi geneukan udalak bere laguntza murriztu beharko zuela, eta ulertzekoa da, gainera; elkarregaz hitz eginda lortu dugu jaiak aurrera ateratzea».
Beste alde batetik, antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiaren antolakuntzan parte hartu duten denda, taberna, enpresa eta norbanakoei, eta baita ere txosnara lanera jaitsiko diren edota txosnara euren borondatez janaria eta pintxoak eramango dituzten auzotarrei.
Eta kanpotik etortzeko asmoa daukatenei, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin diete antolatzaileek, auzoan dagoen aparkaleku falta ikusita.
Bestalde, auzoko etxeetako atariak eta parkeko zuhaitzak, ziburuak eta gainerakoak ondo zaintzeko eta garbi mantentzeko eskatu dute Kamiñazpiko Jai Batzordekoek.