Ibon Iparragirre Gregorio Marañon ospitalean daukate
Ibon Iparragirre presoa Madrilgo (Espainia) Gregorio Marañon ospitalean daukate martitzen iluntzeaz geroztik.Preso ondarrutarraren senideek jakitera eman dutenez, pneumonia diagnostikatu diote. «2011ko urriko infekzio bera».Herenegun senideek esanda...
Preso ondarrutarraren senideek jakitera eman dutenez, pneumonia diagnostikatu diote. «2011ko urriko infekzio bera».
Herenegun senideek esandakoaren arabera, hiru egunez eztul gogorragaz zegoen, eta plakak ateratzeko eskatu zuen Iparragirrek berak. Hauek aztertu ostean, pneumonia zantzuak aurkitu zizkioten.
Iparra Galdu Baik plataformak azaldu duenez, herenegun Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxeko medikuak deitu zion presoaren amari Gregorio Marañon ospitalean ingresatu zutela esanez, baina atzo eguerdiraino ez zuten horren baieztapen ofizialik jaso.
Iparragirre ez zen agertzen Principe de Asturias ospitaleko zerrendan, eta ama eta bere lagun bat Gregorio Marañonera joan zirenean, erantzun bera jaso zuten ospitalekoengandik; hango zerrendan ez zegoela. Itxura denez, ospitalera eraman zuten momentuan ez zuten ingresatu, eta horregatik ez zen agertzen zerrendetan.
Plataformaren esanetan, poliziek zaindutako ospitaleko gela batean daukate preso gaixo larria, eta bisita ordua iritsi arte, inori ez zioten utzi ikusten. Amak ikusi ahal izan zuen atzo.
Elkarretaratzea gaur
Iparra Galdu Baikek gaineratu duenez, «atzo goizean odol analisi bat egin zioten, azken sei hilabeteetan egin dioten bakarra».
Iparragirreren egoera salatu eta haren kaleratzea eskatzeko, Kalera Kalera-k elkarretaratzea deitu du gaurko, 20:00etan, Kalekutzeko eskaileretan, Ibon etxea! lelopean.