Frankismoaren biktimei justizia egiteko eskatzeko mozioa onartu du Bermeoko osoko bilkurak
Bermeoko Udalak frankismoaren biktimei justizia egiteko eskatzen duen mozioa onartu du azken osoko bilkuran. EH Bildu eta Guzaneko zinegotzien aldeko botoekin onartu da, Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziak, berriz, abstenitu egin dira. Osoko bilkuran onartutako mozioa Sollube 1937 elkarteak aurkeztutakoa da.
2012. urteko azaroaren 8an, Argentinan (Hego Amerika) irekitako frankismoaren aurkako kereilaren aldeko mozioa onartu zuen Bermeoko udalbatzarrak. Oraingo mozioagaz, udalak Argentinako hiriburu Buenos Airesko Epaitegi Nazionaleko Kriminal eta Zentzategi Federalaren 1. aretoan kereila kriminal bat jartzeko konpromisoa hartzen du, epaitegi horrek irekita duen 4591/10 auziaren baitan, «udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker ditzan, zein baldintzatan egin ziren zehaztuaz, nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak jakinaz, eta, kasuan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuaz».
Mozioak dioenez, kereilari atal bat erantsiko zaio zenbait datugaz: biktimen zerrenda nominala, adina, ogibidea, krimenaren datak, sufritutako delituak eta jasotako ondorioak.
Era berean, eskualdeko epaitegian kereila kriminal bat jartzeko eskaera ere egiten du.
Bestalde, Bermeon frankismoaren aurka kereilak edo salaketak jartzea gura dituzten bizilagun, biktima edo biktimen familiarteko guztiei laguntza materiala eta juridikoa eskaintzeko, bulego berezi bat sortzea aurreikusten da mozioan, «diktaduraren biktimei arreta eta laguntza eskaintzeko».
Jeltzaleek azaldu zutenez, sakontasunean mozioak dioenagaz bat datoz, hala ere, uste dute Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eman duela pauso hori, «eta Eusko Jaurlaritzak ordezkatzen ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kaltetuak. Bizkaian ere, Batzar Nagusiek eman zuten pausoa». Horregatik, EAJko zinegotziek abstentzioa ematea erabaki zuten.