Aurten ere, Artearen eta Bakearen jardunaldiak antolatu dituzte urrirako, eta antolatzaileek horien baritan ospatuko den ekimen baten berri eman dute dagoeneko. Hala, Kolonbiatik datorren AgroArte elkartearen Cuerpos Gramaticales performancea aurkeztu dute gaur.
Urriaren 23tik 28ra ospatuko dituzte aurten, Gernika-Lumoko aipatu jardunaldiak, eta adierazi dutenez, aurten, kultur etxeaz, Gernika Gogoratuz erakundeaz eta Bakearen Museoaz gain, Bilboko Bakeola zentroa ere ariko da antolakuntza lanetan.
Gaurko aurkezpenean Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok aurreratu duenez, kaleetako artea izango da aurten jardunaldietan landuko duten gaia. Hori horrela, performance «oso ezberdin, hunkigarri eta erakargarri bat» eskainiko dute, besteak beste.
Hip-hopa eta artea
Kolonbiako Medellin hiriko Comuna 13 auzoko nekazari rap-kantariek osatzen duten elkartea da AgroArte. Hip hop-a eta artea uztartzen dituzte. Comuna 13ko Orion operazioagaz eta La Escombrerako desagertutakoekin gertatutakoaren ondorioz sortutako erresistentzia prozesuaren baitan sortu zen elkartea.
«Lurraldearen ereileak gara. Nekazaritza erresistentzia egiteko modu bezala erabiltzen dugu, baina baita gure lurraldeaz hitz egiteko ere. Era berean, hip hop-a, munduaren kontakizun gisa erabiltzen dugu», azaldu du gaur AgroArte elkarteko kide Wilmar Botina Boti-k.
AgroArte elkarteak Cuerpos Gramaticales performacncea sortu zuen,
Memoria, Verdad y Reconciliacion de mujeres colombianas en el exterior proiektuaren baitan. Horren asmoa memoria eta bakearen eraikuntzan egindako lana sakontzea da, eta, horretarako, estrategia ezberdinez baliatu nahi du; arte-adierazpenez, esaterako.
Testuinguru horretan sortzen da Cuerpos Gramaticales arte ekintza, «prozesu parte hartzaile gisara; aurretiko formakuntza ezberdinak eta azken emaitza bat biltzen dituena; betiere, memoria eta elkarrizketarako gune bat sortzeko helburu duena».
Hala, arte ekintza horretan, pertsonen talde batek bere gorputza lurperatuko du «ereingo du», Comuna 13ko gerran sufritutakoaz katarsi kolektiboa egitekotan. Performancearen bitartez, batetik, gorputz-erresistentziari dagokion formakuntza landuko dute, eta, bestetik, emozioen aldea landuko dute, memoriaren gaian sakonduz.
Botinak dioenez, «oso garrantzitsua da kontatzeko daukagun modua, belaunaldi berriek historia uler dezaten»; hala, bere ustez, «beharrezkoa da beste pedagokia zein hezitzeko modu batzuk ezartzea».