Txomin Arana ereñarrak irabazi du Arratzuko Enduro lasterketa
23 urtez azpikoen junior mailan, Jokin Aldamizetxebarria lekeitiarra izan da azkarrena, eta atzetik Markel Barainka bedarutarra sailkatu da. 62 pilotuk lehiatu dute probaTxomin Aranak irabazi du Arratzuko Enduroa, Borja Nietogaz lehian aritu ostean. Az...
23 urtez azpikoen junior mailan, Jokin Aldamizetxebarria lekeitiarra izan da azkarrena, eta atzetik Markel Barainka bedarutarra sailkatu da. 62 pilotuk lehiatu dute proba
Txomin Aranak irabazi du Arratzuko Enduroa, Borja Nietogaz lehian aritu ostean. Azkenean, baina, 18 segundo eta 56 ehuneneko aldeagaz nagusitu zitzaion ereñarra, 26:46:63 denboragaz.Halaber, Urko Garmendia hirugarren sailkatuaren eta Josu Baraibar laugarrenaren artean lehia estua egon zen; segundo 1 eta 26 ehuneneko aldeagaz amaitu zuten proba. «Hirugarren eta bosgarren sailkatuen artean lehia polita egon zen, hirurak hamar segundoren barruan daude. Jendeak gozatu zuen», azaldu dute Gernika Off Road-eko kideek.
Iker Mintegia munitibartarrak ere lasterketa polita burutu zuela zehaztu dute, lesiotik bueltan «erritmo» apur bat falta izan zitzaion arren.
Bestalde, 23 urtez azpikoen junior mailan, Jokin Aldamizetxebarria lekeitiarra izan zen azkarrena, 22:18:04 denboragaz, eta haren atzetik amaitu zuen Markel Barainka bedarutarrak. Aldamizetxebarriarengandik 8 segundo eta 82 ehunenera amaitu zuen lasterketa Barainkak.
Senior kopan, berriz, Eneko Kaminok egin zuen denborarik onena: 21:38:16. Harengandik 9 segundo eta 42 ehunenera sailkatu zen Jon Ander Rodriguez. Iñigo Ugalde gernikarra seigarren sailkatu zen, 22:29:37 denboragaz.
Beteranoen lehiari dagokionez, Alberto Macias izan zen azkarrena (21:36:42), eta harengandik 7 segundo eta 23 ehunenera sailkatu zen Pedro Luis Gorospe. Julio Otazua munitibartarrak bosgarren amaitu zuen.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 62 pilotuk parte hartu zuten. Gehienak senior mailetan lehiatu ziren: hamazazpi pilotu txapelketakoan eta hemeretzi kopakoan.
Antolatzaileek esan dutenez, lasterketan izandako bero sargoriak eragina izan zuen. Baina, orokorrean, dena ondo atera zelako pozik daude: «Pilotuak ere pozik geratu ziren. Ibilbideagaz ere gustura; erraza izan zen, eta eguraldiak ere ez zuen zaildu. Publiko aldetik ere jende nahikoa batu zen; herriko jaiak izanda, giro polita egon zen».
Lasteketan ez zuten arazorik izan, baina beteranoen lasterketa hasi eta berehala, Javier Ugaldek bularrean kolpe bat hartu zuen, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Ospitalera eroan zuten mediku azterketa egitera, baina kolpea baino ez zen izan.