Asanblea egingo du Astrak zapatuan, 10:00etan. Jendeare parte hartzea garrantzitsua dela diote, etorkizunerako erronkak eta dinamikak zehazten hastea baita asmoa. Ostean, gura duenak Astran bazkaltzeko aukera izango du, eta arratsaldean Gasteizeko Errekaleorren egingo duten manifestaziora joateko autobusa antolatu dute. Eguenera arte eman daiteke izena.
Hausnarketa prozesua hasteko beharrizana ikusi duzue. Zergatik ?
Ane Camara: 10. urteurrenaren harira, hamarkada hori ospatzea zen asmoa; baina baita etorkizunari begira jartzea ere. Horretan, baina, hankamotz geratu ginen eta erantzun bat emateko beharrizana ikusi dugu. Orain arte lortutakoa asko da, eta ondo dago; baina badago nahikoa ez denaren sentimendu bat, eta oraindik lantzeko gauza asko ditugula. Horri erantzuna emateko, talde eragilea sortu genuen, hausnarketa prozesuaren metodologia diseinatzeko nolabait.
Orain arte egindakoa ez dela nahikoa. Hutsunerik ikusi al duzue?
A.C.: Hutsuneak denok ditugu, Astra ez da perfektua. Ezinezkoa okupatu horren anbiziotik elikatu izan gara. Gehiago nahi dugu.
Gorka Kobeaga.: Proiektua hasi zenetik 10 urte joan dira, eta uste dugu hori ziklo natural bat dela eta aitzaki polita ematen digula gure buruaren erradiografia bat egin eta datozen hamar urteetan nola proiektatzen garen ikusteko. Hau da, indarguneak nola hauspotu, ahulguneak identifikatu eta nola erantzun ikusteko. Fase bat itxi eta eta beste bat zabaltzeko prozesua martxan jarri nahi dugu.
A.C.: Erronka berriak identifikatzea ere bada helburua; zeintzuk izango diren etorkizunera begirakoak, horiek eguneratu eta bidea birdefinitu.
G.K.: Proiektuak berak ematen duena baino askoz gehaigo emateko baldintzak daude, eta horiek identifikatu eta esplotatu nahi ditugu.
A.C.: Horregaz batera, jakin nahi dugu jendeak Astrarekiko zein espektatiba dituen. Egunerokotasunean Astran mugitzen diren talde, norbanako eta agente desberdinen espektatibak aztertu, eta, haien iritziz, zer aldatu beharko litzatekeen proiektuak aurrera egiteko. Gehienbat, ariketa bat egin behar dugu, orain arte egindakoa berrikusteko eta aurrerantzean zer egin beharko litzatekeen denon artean erabakitzeko.
Horretarako zein tresna erabiliko duzue?
G.K.: Orain arte talde bat batu izan gara. Gure lana izan da jendearen iritzi eta asmoak batzea, eta horiek kudeatzeko lan egitea. Fase honetan entzute lana egin dugu, orain arteko ardurak, nahiak eta anbizioak identifikatzeko.
A.C.: Erradiografia edo argazki ahalik eta osotuena egin nahi dugu.
Entzute fasearekin amaitu duzue?
G.K.: Ez da bukatzen. Zapatuko asanblearako saiatuko gara aurreanalisi bat egiten, eta, horrekin, aurrerantzean nondik eta norantza jo behar dugun denon artean erabakiko dugu. Baina entzute fasea ez da hor bukatuko.
Beraz, zapatu ko asanbleak erabakiko du aurrerantzean norantza jo.
A.C.: Bai. Helburua da erabakitzea aurreantzean zein pauso jarraitu beharko genituzkeen; hain zuzen, erronka berriei erantzun bat emateko.
G.K.: Azken hilabetean entzute fasetik atera ditugun elementu guzti horiek batzarrera eramango ditugu, eta, printzipioz, denen artean erabakiko dugu zein elementuri erantzun, zein erronka identifikatu eta horiei erantzuteko zein mekanismo edo metodologi jarri behar dugun martxan. Beraz, asanblea hori ‘cero’ puntua izango dela ulertzen dugu.
Beraz, deialdi ahalik eta zabalena egin nahi duzue.
A.C.: Bai, guztiz zabala da, eta proiektu honekin edozelako loturarik duen edonori egin nahi diogu asanblearako deia, hausnarketa kolektiboa aurrera eramateko. Azken batean, komuneko erronkek jartzen gaituztelako bidean.
G.K.: Jendeak ekarpenak egiteko ere baliatuko dugu asanblea, eta ekarpen horietatik denen artean erabaki beharko dugu zer egin. Aurrerantzean Astrak zer izan behar duen eta nola egingo dugun hori posible. Erabakitzen hasteko balioko du asanbleak.
A.C.: Guretzako oso garrantzitsua da hau guzti hau modu positiboan ikustea. Akatsak eta hutsuneak egongo dira, baina indargune bat da prozesu hau modu kolektiboan aurrera eramatea. Eta horri balioa eman nahi diogu.
Indargune hori baliatu nahi duzue etorkizuneko Astra diseinatzeko.
A.C.: Bai. Hausnarketa kolektibo hau izan dadila indarberritzailea bai Astra proiektuarentzat zein komunitatearentzat.
G.K.: Gainera, jendeak komunean dituzten puntu asko ari gara detektatzen, eta puntu horiek konexio bihurtzen ari dira. Horrek jendea motibatu egiten du, orain arte egindakoa asko bada ere, ez da orain artekoarekin konformatzen eta hori osagai interesgarria da. Beraz, zapatuko asanblean motibazio guzti horiek kanalizatzeko bideak marraztu nahiko genituzke denen artean. Aukera bat da norberak irudikatzen duen Astra hori gauzatzen hasteko.
Ezinezko asko geratzen dira oraindik okupatzeko?
A.C.: Bai, beti. Nik esango nuke Astra bera eraldatzailea dela egunerokotasunean. Baina Astra sortu zen gizartea eta herria eraldatzeko, eta, zentzu horretan, oraindik egiteko asko dago. Nork bere ametsak ditu, baina Astran batzen garen denok hautatu dugu amets horiek berton gauzatzea, eta hori da batzen gaituena. Batzen gaituelako, hori da balioan jartzen jakin behar duguna.