Giro ikusgarria sortu zen zapatuan Mutrikuko moilan. Talaixa Triatloi Taldeak antolatuta, IV. Mutrikuko Esprint Triatloiak 200 parte hartzailetik gora bildu zituen zein baino zein gehiago.
Proba Euskal Herriko zirkuiturako puntuagarria izan zen.
750 metro igerian, 18,6 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin zituzten parte hartzaileek. Irabazleak Mikel Elgezabal Fernandez gernikarra (01:01:52) eta Helene Alberdi Sololuze zumaiarra (01:11:39) izan ziren absolutu mailan.
Gizonezkoen podiuma, Iker Ortiz de Zarate Nuñez Elgezabalen taldekideak eta Iñaki Loinaz Garatek osatu zuten, eta emakumezkoena Estefania Gomez Villanueva eta Pili Bodegas Prietok.
Podiumak ez ziren esprintean erabaki, baina nahikoa estu egon ziren, batez ere gizonezkoena: 18 segundoren aldean sartu ziren Elgezabal eta Ortiz de Zarate.
Emakumezko beteranoak 2 mailan, Arantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarra izan zen irabazlea; eta mutrikuarrik onena, berriz, Ander Portu izan zen; haren alaba igo zen podiumera kopa jasotzera.
Animo artean. 17:00etan hasi zen proba Mutrikuko portuko tanborraren parean. Ordurako jendez beteta zeuden Moila Kalea eta inguruak. Igerian, portu barrutik zehar egin zuten, eta arlanpatik atera ziren bigarren zatiari ekiteko. Bizikletak hartuta, Debaranzko bideari ekin zioten triatletek, Sasiola eta Kalbaixo igaro ostean, berriz ere Mutrikura jaisteko. Azken zatia, korrika egin zuten; portuan prestatutako 2 kilometro eta erdi inguruko zirkuitari bi buelta eman zizkioten, ikusleen txalo eta animo artean. Kantina parean amaitu zuten proba (bertan helmugaratu ziren).
Amaieran, nekeak eta poza. Besarkadak eta irribarreak. Proba gogorra izan zela esan zuen batek baino gehiagok; batez ere igeriketa zatian, baina amaitu izanagatik pozik azaldu ziren, eta datorren urtean errepikatzeko gogoz.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.