Horrela jakitera eman du, Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, gaur goizean [maiatzak 29] Lekeitioko Isuntza hondartzan Aldundiak egin duen 2017ko hondartzen denboraldiaren aurkezpenean.
Hondartzetako erabiltzaileek hobetoen baloratzen duten bigarren arloa garbitasuna dela azaldu du Unzuetak, eta alor horretan aurrerapausoa eman nahi dutela azpimarratu du. “Bizkaiko hondartzak garbi egotea nahi dugu”. Horretarako, Gero Arte kanpainaren barruan, gaikako bilketa sustatuko dute, eta hamabost edukiontzi osagarri jarriko dituzte hareatza ezberdinetan.
Horrez gain, Lekeition ikusgai egon den karpa bat hondartzaz hondartza ibiliko dela azaldu du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. “Karpa ibiltaria izango da eta birziklapenari lotutako ekimen ezberdinak gauzatuko dira bertan”.
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Jesus Mari Anakabe Mendexako alkatea eta Unai Gangoiti Aldundiko Ingurumen zuzendaria hondartzetako bilketa berriari buruzko informazioa begiratzen.
Birziklapena eta hondartzak, hondartzak eta garbitasuna lotu nahi dituztela adierazi du Unzuetak. “Garbitasuna da Aldundian gehien zaintzen dugun alderdietako bat. Urtero hondartzen programara bideratzen dugun aurrekontuaren %50 hondartzen garbitasun lanetara bideratzen da, guztira 2,2 milioi euro. Lan horiek urte osoan gauzatzen dira gaur hasten den denboraldirako hondartzak prest edukitzeko”.
Aldi berean, hondartzak garbi mantentzeko pauso berria emateko, herritarren lankidetza beharrezkoa dela nabarmendu du. “Guk bermatzen dugu segurtasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dugula, garbitasunaren aldeko aurrerapausoa ematen dugula, eta herritarrek euren partea jartzea nahi dugu, denon artean daukagun hondartzetaz disfrutatzeko”.
Zerbitzuak. Elena Unzuetak zehaztu duenez, 292 pertsonak zainduko dituzte hondartzak, hiru egun barru [ekainaren 1] hasi eta irailaren 30era luzatuko den denboraldian. Salbamendu eta sorospeneko beharginak 173 izango dira, garbitasuneko beharginak 89 eta hondartzainak 30. Horietako batzuk eta hastear dagoen denboraldian hondartzetan erabiliko dituzten ekipamenduak ikusgai egon dira gaur, Lekeition.
Egunero 88 sorosle arituko dira zerbitzuan 24 sorospen-postutan banatuta: 7 La Arenan, 2 Areetan, 5 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatxen, 5 Barinatxen, 7 Arrietara-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan, 7 Bakion, 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 3 San Antonion, 2 Toñan, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion, 2 Arrigorrin, eta erreserbako beste sorosle bat ere egongo da.
Aldundiko ordezkariak eta Lekeitio, Mendexa eta Ispasterko alkateak hondartzetako ekipamenduak ikusten.
Ekipamendua. Zerbitzu horretako langileek erreskaterako erabiliko duten materiala hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da, baina nabarmendu behar da lau salbamendu-ontzi edukiko dituztela, zortzi errespetu-ontzi Bilboko, Getxoko, Bermeoko eta Ondarroako biltegietan; uretako 4 motor eta errespetuko beste bost aurretik aipatutako biltegietan; erreskaterako 3 quad eta 9 buggy (horietako bi elektrikoak), lur orotako hiru ibilgailu, flota ekologiko bat 7 autorekin (elektrikoak, hibridoak eta gasezkoak) zonetako koordinatzaileentzat, 14 zaintza-dorre, 40 desfibriladore erdiautomatiko, 30 glukometro, 40 pultsioximetro, 30 immobilizazio-ohatila, eta bihotz-biriketako bizkortze prozedurarako 30 neurgailu.
Gainera, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak wave board bat izango du; ontzi horretan, uretako motor bati plataforma bat akoplatu ahal zaio eta horrekin 5 metrora iristen denez, bere gaitasuna handitzen du.
Hondartzainen zerbitzuan 30 pertsona egongo dira lanean hondartzan bertan; ordutegi jarraitua izango dute 10:00etatik 20:00etara eta elkarlan estuan arituko dira Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuarekin, hareatzak dauden udalerri ezberdinetako Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin.
Bestalde, irisgarritasuna bermatzeko ekipamenduak ere jarriko dituzte, Hondartza Denontzat zerbitzuaren bidez. Aurtengo denboraldian 11:00etatik 19:00ak arte egongo da zabalik asteko zazpi egunetan, La Arenan, Ereagan, Plentzian, Gorlizen (Astondo), Laidatxun eta Lekeition.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.