Kanpokoentzako ulertezina, baina herrikoentzako deigarria. Arteak, sarri askotan, sentimendu eta sentsazio ezberdinak eragiten ditu. Ederra edo itsusia denaren ustea ere bestelakoa izaten da, begiratzen duenaren arabera. Jon Beristainen Gure Sena erakusketak ere iritzi ezberdinak jasoko ditu, baina, behintzat, lortu du askok eta askok lortzen ez dutena: herritarren arreta erakartzea, horien bisita jasotzea.
Erretratuak maite ditu, eta maite du ere argazkien bitartez pertsona horien sena azaleraztea. Photoka taldeko kidea da Beristain, eta aurretik ere erakutsi izan ditu bere lanak. Oraingoa, baina, ezberdina da; etxekoa. Etxekoengandik etxekoentzako egindakoa, eta etxean erakutsitakoa. Etxeko ekonomian oinarria daukana.
Herriko komertzioen egoera ikusita otu zitzaion erakusketa hori egitearen ideia. «Ohiturak aldatzen doaz;?orain, esaterako, internet bidez egiten dira erosketa asko. Eta herrian badira behin itxi eta gehiagotan zabaltzen ez diren negozio asko», azaldu du. Horri helduta, herriko 44 behargin erretratu zituen. «Zail samarra izan da;?ez daude kamera atzean egotera ohituta, eta geratzea ere ez da batere erraza izan».
44 argazki, 44 pertsona. Guztiak zuri-beltzean, baina bakoitza bere moduan. Tabernariak, musikariak, kirolariak, dendariak, harakinak, ile-apaintzaileak, sukaldariak, sommelierrak, komunikabideetako langileak, zerbitzariak… fotografiatu, eta bere egin ditu kamera atzean jarritako horien keinu, barre, begirada zein adierazpenak.
Gernikarrak dira, eta gernikarrei zuzendutako erakusketa batean bildu ditu Beristainek horien sena. Erretratu psikologikoak dira, argazkilariaren arabera, ikusgai jarri dituenak. Izan ere, argi dauka bertaratzen denak ez duela argazkien alde teknikoa begiratuko; bai, ordea, argazki horren atzean dagoen pertsonaia bera;?egunerokotasunean kalean gurutzatu dezakeen hura, bere zerbitzuaz gozatuko duena, eguneko kafea hartzeko bere taberna bisitatuko duena, etxean falta zaion hori erostera bere dendara joango dena. Gernika-Lumon aski ezagunak diren pertsonaiek hartu dute, oraingoan, kultur etxea.