Egun osoko egitarauagaz dator VII. Erromeidxe
Herriko hainbat talderen elkarlanari esker, badator zazpigarren urtez Erromeidxe. Aurten, ekainaren 3an izango da, zapatua, eta egun osorako egitarau prestatu dute.Erromeidxek, beste behin ere, Euskal Herriko musika eta folkloreagaz «ondo pasatzeko» ...
Erromeidxek, beste behin ere, Euskal Herriko musika eta folkloreagaz «ondo pasatzeko» aukera eskainiko duela esan dute antolatzaileek. Herrian giro «aparta» sortu gura dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, «berdin dio euskal jantzi tradizionalekin edota mahonez, gauza da, herritarrak animatzea eta kaleak betetzea».
Goizean, Alde Zaharrak hartuko du protagonismoa. 12:00etan hasiko da jaia, Alde Zaharretik kalejiran abiatuta. Taldetan banatuta, hainbat kaletatik ibiliko dira. 14:00etan, berriz, talde guztien bilgunea izango da Goiko Plaza. Musika eta dantza ekitaldia egiteko batuko dira, hain zuzen ere.
400 lagunentzako lekua
Goiko Plazatik Artza frontoirako bidea hartuko dute, 15:00etan, herri bazkarian bilduko baitira. Azaldu dutenez, 400 lagunentzako lekua dago. Salgai dituzte bazkarirako txartelak; Aintzane loradendan, Zubi Gane tabernan edo Gizarte eta Kultura Etxean (arratsaldeetan) aurki daitezke. Bazkalostean, kantuan eta dantzan ariko dira frontoian, eta zozketak ere egingo dituzte. Euro 1en truke hiru sari irabazteko aukera dagoela diote: hiriren bateko hotel batean bi gau, nekazalturismo batean asteburu bat eta Alde Zaharreko taberna baten kontsumizioak.
Zozketarako txartelak talde antolatzaileek saltzen dituzte. 20:30ean, kalera aterako dute jai giroa berriro. Lameran, Akerbeltz taldeagaz dantzatzeko aukera egongo da.
Honakoak dira talde antolatzaileak: Haitz Nagusijje auzo elkartea, Izaro Abesbatza, Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, Arrekatxutxa Trikitixa Taldea, Bermeoko Berbalagun, Erroxape Emakumeen Elkartea, Bermeoko Irrintzilariak, Kankinkabara Txistu Taldea, Kanta Kanta Lorue, Euskeraz Berbetan, Nuntxaku kultur elkartea eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa.