EAJk errekurritu egin du ontziolari emandako baimena
Bermeoko EAJk helegitea jarri die Bermeoko Udalak Astilleros de Bermeo SL enpresari emandako beira zuntzezko itsasontziak egiteko jarduera eta obra lizentziei. Jeltzaleek prentsa oharrean jakinarazi dutenez, bir- jarpen errekurtsoa jarri dute, «pisuzk...
EAJk behin eta berriz salatu du, udalak herriaren interesen aurretik enpresa pribatu baten interesak jarri izana. Oharrean azaldu dutenez, ez da ingurumen ebaluaziorik egin legeak dioen moduan: «2008an ingurumen ebaluazio txostenik behar ez zela esan bazen ere, 2013an legea aldatu zen, eta ebaluazioa egitea derrigorrezko bihurtu zen. Jarduera proiektua, berriz, 2015ean aurkeztu zen».
Kokapena ere aipatu du EAJk; dioenez, ez da kontuan hartu jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen legeak mota horretako jarduerak herrigunetik 2.000 metro baino gehiagoko distantziara jartzea behartzen duela. «Bermeoko ontziola, berriz, etxebizitzetatik 50 metro eskasera dago».
Aurkeztutako proiektuak, bestalde, «gabeziak» dituela uste dute jeltzaleek: «Proiektuan material arriskutsuak erabiliko direla aipatzen den arren, ez du zehazten ontziolaren ekoizpena zenbatekoa izango litzatekeen. Ondorioz, ezin jakin zenbat material arriskutsu gordeko dituzten pabilioian, ez eta ezarri beharreko neurri zuzentzaileak ere».
Enpresak portuan daukan kontsezioa 2019ko irailean iraungiko da, eta Eusko Jaurlaritzak portuko plan bereziaren azken modifikazioan gune hori berrantolatzeko konpromisoa agertu zuela dio EAJk .
Hala, alkateari eskatu diote Astilleros de Bermeo SL enpresari jarduera handitzeko emandako lizentzia eta obretarako baimena indar barik utz ditzala.
Jarduera baimena eman beharra eduki dutela esan zuen udalak apirilean. Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailek eta udaleko teknikarien txostenak aldekoak ziren, lotesleak, eta baimena eman ezean «prebarikazioa» litzakeela esan zuen.