Gernika-Lumoko Astrako sirena eta Sabadelleko udaletxean dagoen sirena.
Museoko piezak dira, eta berebiziko balioa dutela dio Gines Ribe Sabadelleko Historia Museoko teknikoak. Gernika-Lumon izan zen iaz, eta bertan ezagutu zuen bere hirian sortu zuten Astrako sirena. Dokumenazio eta ikerketa lanari esker jakin zuen Ribek
Astrako sirenak ‘ahizpa’ bat duela
Sabadelleko (Katalunia) udaletxean.
Gerra garaian egindakoak dira, Sabadelleko La Electricidad S.A. enpresan. Sirena horiek, baina,
bereziak dira, ohikoak baino ‘potenteagoak’. Beren-beregi,
aire erasoen abisuak emateko fabrikatutako sirenak dira, eta, horregatik, esangura berezia dutela dio Ribek. «
Memoria historikoa gordetzen duten piezak dira», esan du.
Gernika-Lumoko Astratik Sabadellera eraman duten sirena horrek eman zuen abisua Gernikako bonbardaketa hasi aurretik. Sabadelleko udaletxearen teilatuan duten sirenak ere hiri horren aurkako erasoen abisua eman zuen 1937ko martxoaren 13an lehenengo, eta 1939ko urtarrilaren 25ean berriro.
Gaur egun oraindik pizten dute sirena hori, egun berezietan. Gernikako sirenari buruz arakatzen egin dute topo Sabadelleko udaletxean dagoenarekin. Iaz Gernikara egindako bisitan historialariak azaldu zuenez, Gernikako sirenari buruz ari zirela, artxiboko kide bati bururatu zitzaion Sabadelleko udaletxeko dokumentuen artean arakatzea, ea inoiz sirenarik erosi den konstantziaik zegoen. 36ko Gerrako espediente bat aurkitu zuen, eta ikertu ondoren baiezatatu zuen Ribek Sabadelleko udaletxean dagoen sirena hori dela 1937an eskuratu zutena, eta hiri horretako jendarteari bonbardaketa arriskuen abisua eman izan diena.
Testuingurua eta datuak. Joan den apirilaren 26an ere entzun zen Sabadelleko sirena hirian. Gernikako bonbardaketaren urteurrenean, 04 minutu ekimenarekin bat eginez, Sabadellen ere sirenak jo zuen 15:45ean. Orain, Astrako sirena han dela, biak pizteko ekimenen bat egiteko aukera aipatu du Ribek, oraindik ezer zehaztuta ez duten arren.
Uztailaren 10a bitartean egongo da Gernikako sirena erakusten Historia Museoan. Horrekin batera hainbat
dokumentu eta informazio panelek osatzen dute erakusketa. Sirena zein testuingurutan fabrikatu zuten azaltzen du erakusketak: gerra garaia, gernikako bonbardaketa, eta, oro har, bonbardaketak zelako eragina izan zuen iparraldeko frontearen garapenean.
Bestalde, sirenaren ezaugarri teknikoak ere azaldu ditu Ribek: motor handiagoa duela, bertikala, zaldi gehiagorekin, eta entzumen erradioa 3 eta 7 kilometro artekoa dela. Izan ere, funtzio berezia zuten sirenak dira, lehenago eta geroago fabrikatutakoek bestelako betebehar bat zutelako, langileak fabrikara sartzeko eta handik irtetzeko orduaren abisua ematearena, hain zuzen ere.