Aldundiak eskualderako dituen proiektuez aritu da Rementeria
Bizkaiko beste hainbat herritan landutako topaketa zikloari amaiera emateko, Gernika-Lumon egon da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, herritarren ideiak eta proposamenak jasotzeko eta aldundiak Busturialderako dituen proiektuez hitz egiteko.Bate...
Batetik, Busturialdeko komunikazioak hobetzeko aldundia egiten ari den lanei buruz aritu da Rementeria; alegia, Autzaganeko tunelei buruz. Bestetik, Gaztelugatxeko San Juaneko proiektu «integralari» buruzko azalpenak eman ditu. Hala, San Juanekoa «etorkizunerako plangintza iraunkorra, serioa eta etorkizunekoa» izan behar dela nabarmendu du.
Beste alde batetik, gaur egun aztertze fasean egon arren, datozen urteetan gauzatzekoak diren proiektuez ere hitz egin du; hala nola, Muxikako industrialdeaz, Guggenheim Urdaibai museoaren handitzeaz eta Sollubeko tunelez.
Muxikako industrialdearen alde egin du Rementeriak, eta esan du «Busturialdeak jarduera ekonomikoetarako lurra behar» duela. Hartara, orain proiektu hori nola gauzatu behar den aztertzeko unea dela aipatu du, eta gerora industrialdea faseka egin beharko litzatekela.
Guggenheim Urdaibai museoari buruz, gogoeta instituzionala eta politikoa egitea «beharrezko» ikusten du, hartara, jakiteko ea proiektua egokia den ala ez.
Sollubeko tuneletan ere lanean ari dela jakinarazi du, eta nahiz eta agintaldi hobetan «ezingo den gauzatu», epe ertainean «errealitate bihurtuta» egon behar duela uste du.
Azkenik, Bermeoko portuaren garrantzia azpimarratu du. Rementeriaren ustez, erakundeek aztertu egin beharko lituzkete halako portu batek eskaini ditzakeen aukera denak. Hala, beste instituzio batzuekin batera, gogoeta horretan parte hartzeko borondatea erakutsi du, eta portua bultzatzeko prest agertu da.