11:00etan zabaldu dituzte erakusmahaiak eta 13:00etan, irrintzi eta txalapartaren doinuek lagunduta egin dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. Batik bat eguerdian hurbildu dira herritarrak azokara. Hala ere, umeen tailerren gunean goizetik batu dira ikastetxeetako ikasleak.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak ozeano bakoitza irudikatzen zuten ur boteiletatik kristalezko munduko bolara ura jaurtiz inauguratu dute azoka. Horiekin batera, Arrain Azoka Elkarteko ordezkariek eta Bermeoko Udaleko zinegotziek parte hartu dute ekitaldian.
Ozeanoen zaintza “denen ardura” dela azpimarratuz ireki ditu ateak Arrain Azokak. “Ozeano barik gure planeta hilik legoke. Itsasoaren ekarpena bermeotarrongan handia izan da, eta era berean, herritarron eragina itsasoan ere nabarmena izan da. Horregatik, kontzientzia hartzea ezinbestekoa da, eta horrenbeste maite dugun itsasoa zaintzeko konpromisoa hartzea ere funtsezkoa da”, adierazi du Bermeoko alkateak.
Bidegurenek azokan parte hartzen duten guztien ekarpena eta elkarlana goraipatu ditu, eta Bermeoko arrantzale, neskatila zein sareginak gogoan izan ditu. Haren berbetan, horiek erakutsi dutelako denak batuta, “banaka baino indartsuagoak” direla.
Urteroko helburua azoka “erakargarri” egitea dela nabarmendu du, eta tradizioa eta modernitatea uztartuz, itsasoari loturiko ikerketen emaitzak “plazaratzeko tresna” izatea gura dutela.
Bermeok, arrantza munduan “erreferentziazko herria” izanik, Euskal Herriko kontserba lantegien eta atun-ontzien “kontzentraziorik nagusiena” duela zehaztu du Bidegurenek. Era berean, ontzietan teknologia aurreratuena dutela, eta inguruan “punta-puntako” ikerketa eta ikerlariak daudela gogora ekarri du. “Balio handiko ondare kulturala daukagu. Erreferentziazko herri bat izateak aukera ematen digu gure esperientzia herritarrei eta herrira datozenei erakutsi eta elkarbanatzeko“.
Herritarren eta herriko taldeen parte hartzeagaz Arrain Azokan jai giro beroa ziurtatuta dagoela esan du Bermeoko alkateak.
Hegaluze Saria
Inaugurazio ekitaldiaren aurretik, Eleizalde Ikastolak jaso du Hegaluze Saria Nestor Basterretxea aretoan. Iñaki Beitia ikastolako zuzendariak, Jose Anton Renteria Anduiza Euskal Herriak, eta Unai Palacios ikasleak hartu dute saria ikastolako kide guztien izenean.
Palaciosek esan duenez, “harrotasunez” hartu dute Bermeok eta bermeotarrek emandako saria. “Herritik sortua herrian sartua dio gure izaera erakusten duen esaldiak, eta argi dugu non dauden gure sustraiak. Izan zinetenen, garenon eta izango zaretenen izenean, eskerrik asko Bermeo”.
50. urteurrena bete du ikastolak, eta Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik, eta horren transmisioa belaunaldien artean bermatzeagatik eman diote Hegaluze Saria. Egunero ikastolan egiten duten lanaren aitorpena eskertzekoa dela esan du Eleizalde Ikastolako ikasleak.
Sari banaketa ekitaldian, ikastolak Arrain Azokagaz duen harreman estua erakusten duen bideoa jarri dute. Izan ere, Arrain Azokako taldea sortu zenetik bertan sartuta dago, eta azken urteetan ikastolak dauka Arrain Azokaren Pintxo Lehiaketa antolatzearen ardura.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.