Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik, eta horren transmisioan belaunaldien artean bermatzeagatik,
Eleizalde Ikastolak jasoko du gaur
Hegaluze saria. Iñaki Beitia (Bilbo, 1962) zuzendariak azpimarratu duenez, saria ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko “modu polita” da.
Iñaki Beitia Eleizalde Ikastolako zuzendaria.
Hegaluze saria jasoko duzue. Herriak ematen duen saria izanik, ilusioa emango du, ezta?
Bai batez ere ilusioz hartu dugu. Aurten 50 urte egin ditugu;
Herritik sortua eta herrian sartua da gure leloa, eta herriak berak halako aitorpen bat egitea gauzak ondo egiten ari garen seinale dela uste dugu. Ez genuen inondik inora espero; deia jaso nuenean harrituta geratu nintzen.
Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik eta horren transmisioa belaunaldien artean bermatzeagatik erabaki dute ikastolari ematea. Zer egiten du ikastolak alor horretan?
Arrain Azokako taldea sortu zenetik bertan sartuta gaude. Arrantza eta itsasoa gure herriko kulturaren oinarria da, eta arlo kulturaletik zein euskararen aldetik horren transmisioa bermatzea gura izan genuen. Arlo currilularrean maila ezberdinetan bereziki sartuta dugu gai honen garrantzia. Arrain Azokara begira gure tradizioa transmititu, eta euskaldundu gura izan genuen. Esaterako, arrainen, korapiloen, itsasontzien atalen izenak euskaraz zelan diren jasotzen duten kartelak atera genituen.
50 urtetan bermeotar asko igaro dira ikastolatik. Nork edo nortzuk hartuko dute saria?
Iragana, oraina eta etorkizuna uztartuz, hiru pertsona joangogara: ni neu, zozketa bidez erabakitako L.H 3. mailako Unai Palacios eta ikastolagaz harreman estua duen Jose Anton Renteria Anduiza
Euskal Herria. Sorrerako gurasoa da; gaur egun ere oraindik hona etortzen da hitzaldiak ematen, beti dago prest bere jakituria ikasleei azaltzeko, eta Arrain Azokan beti oso inplikatuta egon da. Ikastolaren iragana irudikatzen du berak, baina orainean ere presente dago.
Urtero-urtero azokan parte hartzen du Eleizalde Ikastolak. Zein da zuen ardura? Zer da antolatzen duzuena?
Hasiera batean erakusmahaia jartzen genuen, eta azken urteetan, batez ere, pintxo lehiaketa antolatu dugu. Izan ere, 26 urte daramatzagu sukalkia antolatzen; lehiaketa gastronomikoetan eskarmentu nahikoa daukagu. Aste Santuan hasten da pintxo lehiaketa; Bermeo saltzeko era bat da, gastronomiaren bidez jendea erakartzeko modu bat.
50. urteurrenarekin batera dator saria, urteurren borobila. Ospakizunak amaitu al dituzue?
Amaitzear gaude; bi ekitaldi geratzen dira: bata ikastolako bazkide eta lagunekin eta bestea ikasleekin. Ikastolaren historiaren parte izan direnek merezi dute aipamen berezia egitea. Ikasleena seguruenik ekainaren 2an izango da ikastolan bertan. 50 urte ari gara ospatzen, eta horren fruitua agertzen ari da, sarien bitartez zein partaidetzaren aldetik. Nahiko gauza egin ditugu ikasturtean zehar, eta ospakizunaren amaieran Hegaluze saria eta Jasangarritasun Agiria jasotzea borobiltzeko modu polita da. Sortu ginen ideia hark oraindik indarra eta iraupena ditu. Ez dakigu zer etorriko den baina prest eta ilusioz gaude datorrenari aurre egiteko eta erantzunak emateko. Hori da Eleizalde Ikastola, ilusioa. Egiten dugunean sinisten dugu, eta ilusioagaz lantzen dugu.