Gernikarren errelatoa oroimenean idazteko
Oroimenaren ibilbidea egin zuten apirilaren 27an hainbat gernikarrek, historiaren helduleku bat erakutsiz: emakumeena. Errelato ofizialetik harago, bonbardaketako lekukoen oroimena berreskuratu nahi dute.
“Herritarren kontakizuna konpartitzeko markoa sortu nahi dugu”Transmisioa. Bonbardaketa bizi izan zutenen ahotik transmisio zuzena jasoko duten azken belaunaldikoak dira oroimenaren ibilbidea lantzen ari direnak. Testigantzak bildu dituzte, eta testigantza gehiago biltzen jarraitzeko asmoa agertu dute; XX. hamarkada hasierako oroimenak gordelekutik berreskuratu nahi dituztela diote, gero, horiek guztiak oroimen historikoan gordetzeko. Egiaren transmisioa ondorengo belaunaldiei helarazteko ardura eta erantzukizuna dutela diote. Horretarako, historiari arlo ezberdinetatik heldu eta helduleku denetako testigantzak bildu gura dituzte. Emakumearen ikuspuntua izan da lehena, eta oroimenaren ibilbidean erakutsi zuten, apirilaren 27an. Alabaina, ez da helduleku bakarra izango, proiektua bera «anbiziotsuagoa» delako. Lekukoen kontakizunari ekarpen bat egin nahi diote, gaur egun garatzeko prozesuan dauden beste jarduera eta ekimenekin elkarpuntuak bilatuz. «Badakigu ezin dugula dena kontatu, baina lan lerroak zehaztu daitezke», diote. Ahotsak-en datu basea iturri garrantzitsua dela diote, eta testigantzei dagokien inportantzia eman nahi diete. Izan ere, betiko kontakizunei errelato ofizialaren kutsua ere hartzen diete; «oso eraikita» daudela diote.
XX. hamarkada hasierako oroimenak gordelekutik berreskuratu nahi dituzte; gero, horiek guztiak oroimen historikoan gordetzeko.Herritarren erantzukizuna . Bestalde, Gernikako Lobak egiten ari diren lanari ere bere ekarpena egin nahi diote. Gernika 2037 ekimenarekin, Gernikako markak identifikatzeko lanean dira. Izan ere, Torrealdaik, Meñikak eta Enbeitak azaldu dutenez, bonbardaketa aurreko eta bonbardaketa garaiko Gernikaren ezer gutxi geratzen da herrian. «Nahita ezkutatu zituzten bonbardaketarekin zerikusia izan dezaketen espazio guztiak», diote.
“Herritar modura erantzukizun bat daukagu, eta horri heldu behar diogu, ez bakarrik kritikan geratu”Hala, espazioak identifikatuta, oroimenaren ibilbidea ere horiek ezagutzera emateko euskarri bat izan daiteke; «herritar modura erantzukizun bat daukagu, eta horri heldu behar diogu, ez bakarrik kritikan geratu», azaldu dute. Era berean, Gernika Batzordeak bere sorreratik igaro diren 42 urteetan egin duen lanari jarraibidea ematea ere badute asmo, egindakoari «aitortza» bat ematea, hain zuzen. Aitortza hori, gainera, egunerokotasunari begira eman nahi diote, gazte belaunaldiei begira, eta oroimena, orain, 2017. urtetik landu. Hain zuzen, oroimenaren ibilbidean lanean dabiltzanek diotenez, memoria egunero landu behar den zerbait delako.