Hain zuzen ere, Bermeoko Udalak eta herriko bost banketxek eta bi aholkularitza bulegok elkarlanean sinaturiko hitzarmena da. CaixaBank, Laboral Kutxa, Kutxabank, Banco Sabadell Gipuzcoano, BBVA, Torrealday aholkularitza eta Bermeo Consulting SL izan dira, hain zuzen ere, hitzarmenera batu direnak; iaz baino bi entitate gehiago (banketxe bat eta aholkularitza bat). «Pozgarria» dela azaldu dute, gero eta gehiago baitira Bermeon euskararekiko konpromisoa agertzen duten entitateak.
Bermeoko Udala, herriko bost banketxek eta bi aholkularitza hitzarmena sinatzen.
Entitate sinatzaileek bezeroei errenta aitorpena
euskaraz egiteko erraztasunak emateko konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren bitartez, beraien laguntza «ezinbestekoa» baita, udalaren arabera. Hala,
lehen hitza euskaraz egingo dutela azpimarratu nahi izan dute, eta, horrez gain, bezeroei
dokumentua euskaraz ateratzeko aukera eskainiko diela aipatu dute.
Era berean, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, udalak errenta aitorpena euskaraz sentsibilizazio kanpaina martxan jarri zuenetik, herritarrek aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa landu du; eskuorriak, kartelak, sare sozialak, hiztegiak…
Konpromisoa zabalduz. 2014an abiatu ziren errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko sentsibilizazio kanpainak, eta azken urteetan Bermeon euskaraz egindako errenta aitorpenen igoera ikusita, goranzko joera hori mantentzea da udalaren helburua, «herritarren artean errenta aitorpena euskaraz egitea ohitura bihurtu dadin; ohiturak denborarekin aldatzen baitira», azaldu dute.
Horregatik guztiagatik, «ezinbestekotzat» jo dute bai udalak zein zein finantza entitate eta aholkularitzek, hasitako elkarlan horrekin jarraitzea. Modu horretan, herritar guztiak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte.