Palma olioaren ondorioez hausnartu dute gaurko Euskal Confintean
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, gaur, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 16 ikastetxetako ikasleen ordezkariak bildu dira Euskal Confintean (Nazioarteko Gazteen Konferentzia). Urtero legez, Busturiko Ekoetxea Urdaibain batu dira. Busturialdeko ordezkariak ere egon dira, Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxekoak, hain zuzen ere. Aurten, ikasleek palma olioak sorrarazten dituen ondorioak aztertu dituzte. Confint prozesua planetak jasaten duen ingurune krisiaren aurkako gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen duen ingurumen hezkuntzako prozesu bat da. Adin ezberdinetako eta herri, eskualde, erregio edo kontinente ezberdinetako gazteen arteko prozesu elkarreragilea da, elkarrekin ikasteko eta jokatzeko. Helburua, hala ere, bakarra dute guztiek: planeta zaintzea. Palma olioaren erabilerak, baina, ez du planeta zaintzen laguntzen. Baso-soiltzeak, orangutanen eta beste izaki bizidunen galera, eta indigenen zapalketa dakarrela azaldu dute, besteak beste. Gainera, ez da ona osasunerako. Hortaz, aurten palma olioa izan dute aztergai. Egunean zehar taldeetan banatuta egin dute lan. Ondoren, arratsaldean, denak batuta, talde bakoitzak palma olioaren inguruan landutakoa aurkezteko aukera izan du, modu ezberdinak erabili baitute harek sorrarazten dituen ondorien berri emateko: hormairudi bat, bertsoak, antzerkia, prentsa tailerra edota abesti bat. Llanoren lana goraipatu. Era berean, ikasleek Karmele Llano Borneon (Indonesia) orangutanen alde egiten ari den lana goraipatu gura izan dute. Bideo batean, bestalde, Llanok Euskal Herriko ikasleak egiten ari diren lana eskertu zuen, eta palma olioak sorrarazten dituen arazoak zabaltzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. Ikasleek arazoa «ahalik eta gehien» zabaldu gura dute, eta jendea informatu gura dutela diote. Horretarako, Confintean hainbat ekimen proposatu dituzte: supermerkatuen jabeekin hitz egitea, palma oliorik gabeko sail bat sortzeko; ikastetxeetako ikasleak jakinaren gainean jartzea; eta, eskoletako aldizkarietan gaiaren inguruko artikuluak idaztea, besteak beste. Urtero egin legez, aurten ere, Sukarrietako Ingurumen Hezkuntzako Zentroak ere parte hartu dute arratsaldeko aurkezpenean. Asteon egonaldia egiten ari diren Rekaldeberri DBHIko eta Lemoako Eguzkitza Meabe IPIko ikasleek astean garatu duten Ekosistemak, Lurzorua eta Planeta proiektuetan, planetaren egoeraz ikasi dutena azaldu dute. Era berean, planeta hobetzeko izan dituzten ideiak elkarbanatu dituzte. Sukarrietako ikasleek lizarren, ereinotzen eta arteen zuhaitz adaxkak banatu dituzte. Gaurko Euskal Confintari amaiera borobila emateko, Ekoetxea Urdaibain batutako ikasleek flashmob bat grabatu dute.