Lurpeko lurra ateratzen hasi dira ponpatze estazioa kokatzeko
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikita dagoen URA Uraren Euskal Agentzia Sukarrietako Marisma parkeko lurpeko lurra ateratzen hasi da, hondakin urak ponpatzeko estazioa bertan kokatu ahal izateko.Aipatu ponpatze estazioak...
Aipatu ponpatze estazioak hondakin urak bidaliko ditu Sukarrietatik Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA).
Azaldu dutenez, azken hilabeteetan, lurpeko eremuko perimetroa eta estalkia osatzen ibili dira. Lehenik eta behin, diametro askotariko 300 zutoin baino gehiago jarri zituzten, 40×40 metroko eremu bat itxi aldera. Ondoren, ponpatze estazioa izango denaren hormigoizko estalki-lauza egin zuten, lanak amaitzerakoan Marisma parkearen zoru zati bat izango dena, hain zuzen ere.
2018rako
Estalkia amaituta, zehaztutako perimetro horren barruko lurrak ateratzeko lanak hasi dituztela jakinarazi dute, ondoren, hondakin urak ponpatzeko tresneria jartzeko.
Bestalde, URAtik jakitera eman dutenez, BI-2235 errepide azpitik doan 1.600 mm diametroko tinkatze lanak amaitu dituzte jada; bertan kokatuko dute Sukarrietatik Bermeora hondakin-urak bideratzeko bulkada hodia.
Sukarrieta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegirainoko tartean egingo diren lanen aurrekontua 12.496.093,46 eurokoa dela adierazi dute. Lan horiek guztiak, bestalde, 2018. urteko bigarren hiruhilabeterako amaituta egotea aurreikusten dutela gaineratu dute.