Azken egunetan Busturialdeko Batzokietan egin dituzten pintaketak bere egin ditu Ernai Busturialdeak. Prentsa ohar bidez adierazi legez, ‘Partido del Negocio Vasco’ zioten eskuorriak bota zituzten Batzokietako hormetara, margoarekin batera. “Gure egiten dugu ekintza, eta guk geuk salatzen zaituztegu” –diote oharrean–. “Behar adina alditan egingo dugu aipatutako kartzeletako hormak eraikitzen jarraitzen duzuen bitartean”, gaineratu dute.
Hain zuzen, aipatutako kartzeletako horma horiek gaztek bizi duten egoerari egiten diote erreferentzia Ernaik bidali duen testuan. Busturialdea, leku “liluragarria” izateaz gain, “negozio” ere badela dio gazte erakundeak, baina, “norentzat eta zein preziotan?”, galdetu dute. Eskualdeko gazte asko eta askok, ikasteko edo lanera joateko, egunero autoa edo autobusa hartu eta Autzagane zeharkatu behar izaten dutela salatu du Ernaik: “Dirudienez, hau ez da lanerako edota ikasteko lekua. Azken urteetan enpresa askok itxi egin behar izan dute, eta ikas baldintzek okerrera egin dute. Inamatik Barrutialdeko Lanbide Heziketako zentruraino, arrazoiak pilatu baino ez zaizkigu egiten”, salatu dute.
Herritarren premiak. Azken urteetako jardueran, bestalde, Busturialdeko herritarren bizi kalitatea hobetzeko hulbururik ez du ikusi Ernaik. Guggenheim makroproiektuaren “mamua” aipatu dute gazteek oharrean, edota Autzaganeko tunelak. Horien helburuak, diotenez, postaleko Urdaibai koloretsuena sustatzea da; “bitartean, herritarren premia nagusiak asetu gabe diraute”. Egoera horren erantzule zuzena EAJ dela dio Busturialdeko Ernaik, alderdiaren “dikotomia nagusia” herritarrak edo negozioa dela aipatuz. “Zoritxarrez, beti egin dute bigarrenaren alde. Kudeaketa egokiaz mintzatzen direnean, gazteok miseriara kondenatu eta etorkizun beltzera garraiatzen gaituzte”.
Sistema kapitalista salatu dute, beren “kartzela” dela esanez. Hartara, bizi ala iraun, bien artean aukeratzera behartuta sentitzen direnez, lehenengoaren alde egingo dutela esan dute. “Ez gara Espainiako alderdirik ustelenarekin negoziatzen duten jeltzaleen txotxongilo” –aipatu dute–. “Aske izan nahi dugu. Aske gazte gisa, emakume eta etorkin gisa. Horretarako badugu alternatiba, eta eraikitzen hasiak gara”.