San Migelek
ordu bete eta 32 minututan amaitu zuen atzoko 18 kilometroko mendi lasterketa. Jauregik, berriz,
bi ordu, minutu bat eta 22 segundotan burutu zuen proba.
Gizonezkoetan irabazlearengandik segundo bat eta 58 segundora helmugaratu zen
Aitor Uriarte, eta Ibon Bengoetxea sailkatu zen hirugarren, San Migelengandik bost minutu eta 37 segundora.
Emakumezkoetan ere alde estua egon zen lehenengo sailkatuen artean.
Oihane Perez sailkatu zen bigarren, Jauregirengandik bi minutu eta 20 segundora.
Araitz Irazuk osatu zuen podiuma; bi ordu, bost minutu eta bederatzi segundotan amaitu zuen proba.
Urdaibai Koparen hirugarren lasterketan
121 korrikalarik parte hartu dute.
Lasterketa eta oinezko zein BTT martxak kontuan hartuta,
1.000 parte hartzailetik gora batu ziren atzo Gernika-Lumon. Arrolape Mendi Klubeko kideek balorazio positiboa egin, eta egondako giroa nabarmendu dute: “Hainbeste jendek parte hartuta, antolaketa lan nekeza da, baina merezi du. Eguraldi aldetik egun itzela izan genuen, eta guk aurreikusitakoa baino jende gehiago etorri zenez, izen ematea itxi behar izan genuen”.
Ezbehar edota istripurik egon ez, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituztelako pozik daude probaren antolatzaileak.
Bestalde, Wolf Hirschhorn o 4p- Sindromea Fundazioari
1.000 euroko txekea eman zioten, gaixotasun arraro horren ikerketan laguntzeko.
Goizean zehar Pasealekuan egindako graffitia.
Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
Martxa luzeko 386 partaideak izan ziren goiztiarrenak. 09:00etan Pasealekuan irtenda, 18 kilometroko ibilbidea burutu zuten. Gero, BTT probaren 140 txirrindulariak 09:45etan abiatu ziren.
Korrikalariek, ostera, 10:30ean ekin zioten mendi lasterketari, eta ordu erdi beranduago irten ziren martxa laburreko 353 partaideak.
Urdaibai Kopa
Uztailaren 8an Ean lehiatuko dute Urdaibai Koparen laugarren proba. Gaur gaurkoz, Gorka Jauregi da
mutilen sailkapen orokorreko lehenengoa. Orain arteko hiru probetan parte hartuta, 136 puntu ditu. Era berean, hiru probak lehiatu ditu Aritz Sanchez bigarrenak, eta 102 puntu ditu. Haren atzetik Joanes Goitisolo dago; bi probetan 99 puntu lortu ditu.
Bestalde,
nesken sailkapenean Oihane Perez dago lehenengo postuan, 148 puntugaz, eta puntu bakarrera dauka Araitz Irazu. Gartze Mentxaka da hirugarrena, 131 puntugaz. Orain arteko mendi lasterketa guztietan parte hartu dute hirurek.