Belaontziak eta ontzi tradizionalak sustatzeko asmoz, orain dela hamar urte hasi zuen ibilbidea Galerna elkarteak. Sei belaontzi inguru zeuden hasieran, orain, hamar urte geroago, kopurua hirukoiztu dute. Hala eta ere, urte batzuen buruan, Bermeoko portua mastaz beteta ikusi gurako lukete.
2007an elkarte modura eratuta, gutxika-gutxika gauzak antolatzen hasi ziren herrian, horien artean abuztuaren 12ko Galerna Eguna. Hitzaldiren bat edo beste antolatzen hasi ziren, bai eta topaketa pare bat ere.
Gerora, astiro-astiro jendea batzen joan zirela diote. Unai Bilbao Galerna elkarteko kidea da, elkartera sartu zenean belaontzirik ez zuela dio, ez dela beharrezkoa. «Taldekoekin ateratzen nintzen itsasora, Bermeon ez dagoelako belaontzietan ibiltzeko beste aukerarik», dio Bilbaok. Gaur egun 50 bazkide dira, eta 20 belaontzi dauzkate.
Itsasoratzeko poltsa
Ahalik eta jende gehien belaontzien mundura ekarri asmoz, orain dela pare bat urte itsasoratzeko poltsa bat eratu zuten. «Patroiak itsasora irteteko asmoa duenean mezu bat bidaltzen du, eta beragaz joan daitezke poltsan daudenak», azaldu dute. Maiatzean eta ekainean soilik jartzen dute martxan aipatu poltsa. Poltsan sartzeko
galernataldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzerik baino ez daukate interesa duten horiek.
Gotzon Zabala Galerna elkarteko kidearen esanetan, hasiera batean jendeak pentsatzen zuen beste munduko kirol bat zela, baina edozeinek egin dezakeen kirola da. «Ez dauka misteriorik. Itsasora aterata, ikastea baino ez dago; izan ere, itsasoan beti dago zerbait ikasteko». Praktika apur bategaz erraz hartzen dela diote elkartekideek.
Galerna elkartea da Bermeon belaontzietan ibiltzen ikasteko aukera ematen duen bakarra; «gure ardura da hurrengo belaunaldietakoei irakastea». Horregatik, umeak erakarri asmoz, egun berezietan eurekin irteerak egiten dituzte. Hurrengoa maiatzaren 19an izango da. Belaontzietan joan gura duten umeek 17:00etan egon beharko dute izotz fabrikaren aurrean.
Antolatzen dituzten estropadak ez dira lehiakorrak: «Batu eta ondo pasatzeko baino ez ditugu egiten». Zabalak azaldu duenez, «estropada guztiek dauzkate gosaria eta bazkaria». Bihar bertan hitzordu bat daukate Galerna elkartekoek. Bermeo eta Elantxobe batuko dituzte Elantxobera zeharkaldian. 11:00etan abiatuko dira Bermeoko portutik. Iazko hitzorduan 50 lagun batu ziren.
Datozen hilabeteetarako hainbat ekintza dituzte antolatuta: ekainean, Gaztelugatxeko San Juanera joan-etorria egingo dute; Galerna Cupen hitzordua uztailean izango da; abuztuan, Galerna Eguna antolatuko dute, eta Zarauzko estropadak ikustera joango dira belaontzietan; irailean, hegaluzea arrantzatzen aterako dira belaontzietan; eta, urrian egingo dute azken proba, Gaviotara joan-etorria.
Taldearen 10. urteurrena izanik, bestalde, abuztuko Galerna Eguna indartu gura dutela azaldu dute, «zerbait berezia» egin gura dutela gaineratuta. «Aurten herritarrek parte hartu ahal izateko gauza gehiago egin gura ditugu. Abuztuaren 12a zapatua denez, agian, barikuan hasiko ditugu ospakizunak, eta zapatuko eguna luzatu. Hala eta guztiz ere, oraindik ez daukagu ezer zehaztuta». Beste alde batetik, eguna zehaztuta ez badaukate ere, belak konpontzen ikasteko ikastaro edota hitzaldia antolatzeko asmoa ere badaukate.
Akurio bermeotarra
Aurrera begira, Galerna elkarteak Juan de Akurio bermeotarrak egindakoa azalarazi gura du, herrian ez baita ezaguna. Lehenengoz munduari bira eman ziotenen artean bermeotarrak egon zirela gogorarazi du Zabalak. Zazpi bermeotar atera ziren. «1519. urtean Rotatik (Andaluzia, Espainia) abiatu ziren munduari bira ematera. Juan de Akurio bermeotarra itzuli egin zen; halere, esperientzia hartatik ezaguna den bakarra Elkano da».
Bi urte barru, 500 urte beteko dira lehenengoz munduari buelta eman ziotenetik, eta Akurio pilotu joan zen. Akurioren figura, hortaz, berreskuratu gura dute, eta ezagutara eman. Aurten, dokumentazioa batzen hasiko direla diote, «etorkizunean herriari baliabide turistiko berria emateko aukera egon daitekeelako».
Hamar urte hauetan zaletasuna hedatzen ibili badira ere, jende gehiagorengana iritsi gura dute: «Kirol harrigarria da, naturagaz harremanetan jartzen zaituena».
Belaontzietan ibiltzeko Kantauri isurialdeko porturik egokienetakoa Bermeokoa dela nabarmendu dute, gainera: «Porturik onena daukagu, eta Bermeon oso gutxi praktikatzen den kirola da».
Bermeoko portua, hala ere, belaontzietarako prest ez dagoela diote; «erakundeen aldetik apur bat utzita dago». Bilbaok azaldu duenez, arrantza munduari lotuta egon da beti portua. «Hori mantenduta ere, itsasoari beste alde batetik begiratzen hasi beharko genuke; aisialdia, turismoa…». Tamaina aldetik, esaterako, Bermeoko pantalanean mugatuta daudela diote. Erakundeekin dauzkaten harremanak, hala ere, «hobera» doaz, eta gutxi-gutxika hobekuntzak lortzen joango direla uste dute.
Beste portu batzuetan dagoen moduan, portuan bertan klub moduko zerbait edukitzea ere gustatuko litzaieke, «gauzak gorde ahal izateko».