Kondaira batek dio, San Juanek hiru pausotan egin zuela Bermeo eta Gaztelugatxeko San Juanen arteko bidea. Pauso horietako bat, Sanjuanportalen bertan dago. Kondaira horretan oinarrituta, Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta dagoen
Gaztelugatxe Gozotegiak San Juanen oinatzak izeneko pastak egin ditu. San Juanen oinatzak herriko produktu bereizgarria izateko jaio dira. Helburu nagusia herria bisitatzen dutenek bertako oroigarri gozoa eraman ahal izatea da.
Txokolate eta hurretxaz betetako gurinez egindako pasta kurruskariak dira. Urko Aristegi gozotegiko jabe eta pasten egilearen esanetan, hainbat proba egin dituzte azken emaitza lortu arte.
Egunero prestatuko dituzten pastak direla azaldu dute, gainera.
Ordu askotako lana izan arren, azken emaitzarekin “pozik” agertu dira, eta aurrerantzean Bermeoko produktu bereizgarria izango delakoan daude. Halaber, pasten kalitateaz gain,
packaging-a ere nabarmendu gura izan dute. Bilgarriak oroigarri itxura duela diote; barruan, gainera, kondairaren berri ematen da, bizkaitarrez eta gazteleraz. Bermeoko koloreak ere badaramatza bilgarriak, zuria eta gorria, hain zuzen. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azpimarratu duenez, pasta horien elaborazio prozesu guztia Gaztelugatxe Gozotegiak eta Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileek elkarlanean landu dute: ideia garatu, pastak lortu, txokolatearen hornitzailea, paketea sortu, diseinua, lankidetzak. Izan ere, enplegu planaren baitan garatutako produktua da.
Bermeoko Udalak, Bermeorako Enplegu Planaren baitan, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua jarri zuen martxan. Herriko ostalaritza eta merkataritzaren irudia hobetu zein indartzeko helburuarekin udalak bi pertsona kontratatu zituen, Miren Egaña eta Karmele Sanchez. Bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkatarita sektorea dinamizatzea izan dute helburu. Lanean hasi zirenean, konturatu ziren Bermeok ez zuela produktu bereizgarri bat, hala, hori bilatzen ibili direla azaldu dute. Azaldu dutenez, 50 enpresa baino gehiagok parte hartu dute proiektuan. Horietako bat izan zen Gaztelugatxe Gozotegia eta proiektuaren emaitza dira, hortaz, San Juanen oinatzak. Produktua herritarrentzat zein bisitarientzat gustukoa izatea espero dute, bai eta herriko irudi gozoan bihurtzea.
“Herriaren irudian ostalaritzaren eta merkataritzaren irudia oso garrantzitsua dela kontuan hartuta, udala eta sektore pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da sektorea dinamizatzeko eta hobekuntzak egiteko”, esan du alkateak.