Ajangizko txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan
Espinal-Uriondo eta Zubizarreta-Garmendia bikoteek lehiatuko dute domekan Ajangizko txapelketaren finala.Hain zuzen, etzi jokatuko dituzte lehen mailako afizionatuen finalak zein umetxo, kimu eta ume mailetakoak. 11:00etan hasiko da lehen partida.Apiri...
Hain zuzen, etzi jokatuko dituzte lehen mailako afizionatuen finalak zein umetxo, kimu eta ume mailetakoak. 11:00etan hasiko da lehen partida.
Apirilaren 30ean jokatu zuten Ajangizko V. Esku Pilota Txapelketaren lehenengo jardunaldia, eta aurreko domekan (maiatzak 7) izan zen bigarrena.
Bigarren jardunaldiko lehen mailako afizionatuen partidan Espinal eta Uriondo eta Juaristi eta Legarreta bikoteen lehiaz gozatu zuten frontoira bertaratu ziren pilotazaleek. 22-18 nagusitu ziren Espinal eta Uriondo.
Antolatzaileen berbetan, lau pilotarien artean Espina nabarmendu zen: «Nahiz eta partidari hasiera txarra eman, jokoan sartu zenean, izugarrizko erakustaldia eman zuen, pilotarako dituen berezko dohainak argi erakutsiz. Pilotari honek zeresana izango du, eta irrikitan gaude Zubizarretaren kontra zelan moldatzen den ikusteko».
Beste partidei dagokienez, umetxoen kategorian Bengoetxeak eta Urzelaik 5-18 irabazi zieten Daneli eta Unairi.
Alebinetan, berriz, Ekainek eta Mikelek 18-6 hartu zituzten mendean Eñaut eta Aimar. Ume mailako lehian Etxezarraga eta Jaio 18-16 nagusitu zitzaizkien Mugikari eta Perezi.
Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo esku pilota eskoletako kideen finalei dagokienez, Goikoetxea-Urzelai II eta Bengoetxea-Urzelai I bikoteek jokatuko dute umetxoen mailako finala (domekako lehenengo partida izango da).
Jarraian lehiatuko duten kimuen finalean Rocha eta Urtzi eta Ekain eta Aimar bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Eta Enbeita-Bernaola eta Etxezarra-Jaio bikoteek lehiatuko dute umeen finala.