Kirol esparruan adin txikikoekin watsappa eta sare sozialak «arduraz» erabiltzeko gakoak emango dituzte maiatzaren 22an Gernikan, Kirolaren euskal eskolak antolatutako saioan.
Sare sozialetan eta teknologia digitaletan aditua den Naiara Perez de Villarealen eskutik, tresna digitalak erabiltzeak dakartzan abantailak eta arriskuak ezagutu ahal izango dituzte maiatzaren 22ko saio informatibora bertaratzen direnek.
Elkarteak dioenez, «hainbat abantaila» ematen dizkiote tresna digitalek kirol-esparruko pertsona eta taldeei;?«esaterako, kirolariekin komunikatzea eta koordinatzea errazten diete zuzendaritza teknikoari eta kirol-zuzendaritzari».
Dena den, eta erabiltzeko zenbait irizpide jarri ezean, «ondorio kaltegarriak» sor ditzakela aitortu du elkarteak. Hori dela eta, «kirol esparruan, adin txikikoekin gailu mugikorrak eta sare sozialak arduraz erabiltzeko eredu» izan nahi duen gidaliburu bat sortu dute.
Horrez gain, entrenatzaileek eta kirol-erakundeen zuzendaritzak izan ditzaketen zalantzak argitzeko jardunaldi batzuk ere antolatu dituzte, eta horietan lehena Gernika-Lumon egingo dute maiatzaren 22an.
Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute
www.kiroleskola.net webgunean, maiatzaren 20a baino lehenago;?izan ere, 60 pertsonentzako tokia egongo da jardunaldian.
SAIO INFORMATIBOA
Data eta lekua. Maiatzaren 22an, 18:00etatik 20:00etara,
Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Hizlaria. Naiara Perez de Villareal, Digitalde Komunikazioko bazkidea. Sare sozialetan eta teknologia digitaletan aditua.
Edukiak.
– Kirol esparruan teknologia digitalak erabiltzearen onurak eta arriskuak.
– Erabilera erregulatzen duten arau-alorrak.
– Kirol erakundeentzako marko etikoa: arauak, printzipioak eta baloreak.
– Entrenatzaileen eta adin txikiko kirolarien arteko pakto digitala.
– Kirol erakundeetan erabilera egoki bat sustatzeko pausoak.
– Galderak.
Izena ematea. Kiroleskolako webgunean (
www.kirolaeskola.net), jarduera baino bi egun lehenagorarte.