Astelehenetik barikura izango da epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Kalte galeren erreklamazioa eskatzeko, zenbait kaltetuk
zazpi aseguru etxeren aurka egin zuten, hain justu, erreklamazio horiek izango dituzte aztergai datorren asteko epaiketan. Zazpi abokatuk, hamabi lekukok, hemeretzi adituk eta sei prokuradorek parte hartuko dute epaiketan.
Nardiz Tar Jon kalean piztu zen sua
2013ko apirilaren 11ko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, hiru eraikin erabat desagerrarazi eta beste bost hondatu zituen. Beste askotan ere kalteak sorrarazi zituen, udaletxean, esaterako.
Lau urte igaro ostean, kaltetuetako batzuk euren etxebizitzetan daude, beste batzuk, berriz, oraintsu joateko daude; Nardiz Tar Jon kaleko 18 eta 20 atarietako etxebizitzetako lanak oraintsu amaitu baitituzte. Gorka Gomez kaltetuek sortutako Bermeo Suten elkarteko bozeramalea izan zen. Gomezek, esaterako, etxea galdu zuen sutean eta ez du berreskuratuko. Nardiz Tar Jon 16an bizi zen, eta eraikin hori da egin eta egingo ez duten bakarra. Orubea salgai dagoela esan du. “Hasiera batean eraikina egiteko asmoa bazegoen, hala ere, zenbait bizilagunek erabakiz aldatu zuten. Aseguruen %100 kobratu zutenean, atzera egin zuten. Nik, hortaz, beste etxebizitza bat erosi beharra eduki dut. Aseguruen dirua kobratu ostean, Ogasuna dator atzetik, eurei bardin die gure egoera, eta beste etxebizitza bat erosi nuen”, azaldu du.
Epaiketan “esperantzarik ez” duela dio Gomezek. “Ziurrenik plantak egiteko epaiketa bat izango da. Aseguruek esango dute ordaindu egin dutela eta sutea hasi zen etxebizitzako jabeek esango dute ezin dutela ordaindu, hau da, kaudimenik ez dutela argudiatuko dute, eta inork ez du ezer ordainduko”.