'Bullying'-ari esku hartzeko estrategiak eskaintzeko programa antolatu dute
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko (GOUP) Gizarte Heziketarako Esku-hartze Taldeak (GHET) Bullying-aren aurrean esku hartzeko estrategiak familian eta eskolan programa antolatu du. Gurasoei zuzendutako programa dela azaldu dute, eta bi saio eskainiko dituzte, hain zuzen ere.
Lehenengo saioa bihar bertan izango da, eta bigarrena maiatzaren 18an. Saioak ordu eta erdikoak izango dira, 18:00etatik 19:30era, Gizarte eta Kultura Etxeako hitzaldi aretoan. Parte hartzea dohainik da, eta ez dago zertan aurretik izena eman beharrik. Interesa duenak aipatu egun eta orduan agertu beharra baino ez dauka.
Programaren helburua gurasoei jazarpenaren eta ziberjazarpenaren inguruko informazioa ematea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea dela azaldu dute GHETkoek.
Diotenez, eskola jazarpena ez da nahastu behar elkarrekintza zakarreko edo bizikidetza asaldatzen duten beste egoera batzuekin: borrokak, txantxak, noizbehinkako eztabaidak, eskola-bandalismoa edota banden arteko liskarrak, batzuk aipatzekotan; ez eta beste jokabide asaldatzaile batzuekin (gatazka, diziplinarik eza, edo ikasketekiko interesik eza). «Eskola elkarbizitzan eta gelako ikaskuntza prozesuan arazoak sortzen diren arren, ez dakarte nahitaez erasoa, fokalizazioa, errepikapena eta biktimazioa».
Familia «garrantzitsua». Bestalde, ziberbuillyng-a «gero eta gehiago» agertzen dela nabarmendu gura izan dute; «lehen eskolan jasaten ziren erasoak, berbalak zein fisikoak, egun Interneten sare sozialen bidez edota mugikorraren bidez, edozein momentuan irainak eta mehatxuak jasan daitezke».
GHETko arduradunek azaldutakoaren arabera, «familiak kontuan hartu behar du adingabea biktima, erasotzailea edo behatzailea izan ahal dela». Batean zein bestean, familiaren laguntza izatea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu dute. Gurasoen aldetik «zentzuzko erantzunak» egotea «derrigorrezkoa» dela diote; «izan ere, gurasoek kontuan hartu behar dute bere seme-alabentzako ereduak direla». Horretarako, aipatu gaiaren inguruan familian komunikazio egokia bermatzea «garrantzitsua» da.
Hori guztia lantzeko tresnak eskainiko dituztela eta, gurasoak animatu gura dituzte bi egunerako prestatu duten pograman parte hartzera.