Aurrekontu parte hartzaileei buruz ariko da bihar udala
Aurrekontu parte hartzaileak garatzeko udal gobernuak eta Guzan plataformak elkarlanean garatu duten parte hartze prozesuaren baitako batzarra egingo dute bihar. 17:00etan izango da, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan.Batzarrean, Bermeoko Udalak pa...
Batzarrean, Bermeoko Udalak parte hartze prozesuari buruzko azalpenak emango dizkie bertaratzen diren guztiei. Horrez gain, azaldu dutenez, dinamika batzuk martxan jarriko dituzte herritarrek proposamen komunak lantzeko eta aurkezteko. Izan ere, 2017. urteko aurrekontuetan gordetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko udalak ireki duen parte hartze prozesuaren baitan, herritarrek beraien proposamenak aurkezteko aukera daukate maiatzaren 14ra arte.
Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako edozein herritarrek aurkeztu ahalko ditu proposamenak, eta hiru bide daude horiek aurkezteko: Berhaz bulegoan, erabaki.bermeo.eus webgunean edota biharko batzarrean parte hartuta.
Inbertsioetarako
Proposamenak, ezinbestean, inbertsioak egiteko izan beharko direla jakinarazi dute udaletik (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…); bermeotarren interes orokorrari erantzun beharrekoak izan beharko direla gaineratuta.
Herritarren proposamenak teknikoen eta talde politikoen ordezkariekin osatutako mahai batek aztertu eta baloratuko ditu. Ondoren, oniritzia jasotzen duten proiektuak bozketa fasera pasako dira.
Bermeoko aurrekontu parte hartzaileei buruzko informazio guztia erabaki.bermeo.eus webgunean eskuratu ahalko da.
Udal arduradunek herritar guztiak gonbidatu dituzte aipatu parte hartze prozesuan eta bihar arratsaldeko batzarrean parte hartzera.