Udalerriko
turismoa eta ekonomia suspertzeko estrategiaren barruan, “baliabideak errentagarri” egin eta “kalitatezko turismoren garapenean” oinarritutako proiektua aurkeztu dute eguerdian, herritarren aurrean.
Udalak herriko baliabideak eta azpiegiturak berreskuratu, balioan jarri eta errentagarriko egiteko helburua duela azaldu du Josu Olagibel Elantxobeko alkateak.
“Turismo proiektuaren barruan lehenengo fasea da gaur aurkezten duguna”, zehaztu du Olagibelek.
Talaiako 4. eraikinean daude oporraldirako bi etxebizitzak (zazpi pertsonentzako lekua du bakoitzak, eta 50 metro koadroko terraza), eta alboan dagoen herriko gazteentzako lokala.
Gaztelekua egiteko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailaren laguntza jaso du udalak.
Gaztelekua
gazteek eurek kudeatuko dute, eta udalak ordainduko ditu ur eta elektrizitate zerbitzuak. “Ludoteka eta Gaztetxea izango da; umeentzat ordutegi bat egongo da, eta gazteentzat beste ordutegi bat”, adierazi du udalerriko alkateak.
Gaur aurkezturiko bi proiektuak burutzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren
diru laguntzak jaso ditu udalak. “Gaztetxerako Jaurlaritzaren laguntza izan dugu, eta oporraldiko etxebizitzetarako aldundikoa”.
Gaztelekurako 9.956,47 euroko inbertsioa egin du Elantxobeko Udalak (%81,33), eta 2.285 euro (%18,67) jaso ditu Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailetik.
Herritarrek oporraldiko etxebizitzak ikusi dituzte eguerdian.
Bilbao Vacacional bilbotar enpresak kudeatuko ditu oporraldiko etxebizitzak. Horiek Gonzalo Irazabal eta Ana Ojinaga jabeen berbetan, Espainiako zein atzerriko turistak erakartzea da haien asmoa. “Eskualdeko turismoa sustatu gura dugu. Esaterako, Mundakan eta Lekeition ere baditugu halako proiektuak, baina, Elantxoberako apustua egin dugu”.
Talaia 4 eraikinaren ondasun birmoldatzerako
30.108,15 euro bideratu dituzte. Horietatik 6.021,70 euro (%20) jarri ditu udalak eta 24.086,80 euro (%80) Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak. Bilbao Vacacional turismo enpresak, berriz, 45.830 euroko inbertsioa egin du.
“
Kalitatezko turismoa” erakarri gura dute, eta bisitariek Elantxobeko zein Busturialdeko ekonomia “indarberritzeko”. “Apustu garrantzitsua egin dugu, eta udalak asko lagundu digu”, azaldu du Irazabalek. Era berean, herria zein herritarrak zoragarriak direla azpimarratu du Ojinagak.