Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea Bizkaiko talde bakarra da emakumezkoen gorengo mailan. Beste bi euskal taldeak IDK Gipuzkoa eta Lacturale Araski (Gasteiz) dira. Gernika-Lumoko taldeak hirugarren denboraldia bete du Emakumezkoen Ligan, eta aurreko bi denboraldietako emaitzak hobetzea lortu du. Aurten hirugarren geratu dira sailkapen orokorrean (aurreko bietan seigarren), eta, lehenengoz, Kopa jokatu dute. Gainera, Ligako titulua lortzeko kanporaketak lehiatu dituzte. Lau bizkaitar daude taldean, baina Izaskun Garcia (Muxika, 1992) da umetatik klubean dagoen bakarra.
Emakumezkoen Ligan hirugarren denboraldia bete duzue, eta aurreko urteetako emaitzak hobetzea lortu duzue. Zelan ikusi duzu taldea denboraldi honetan?
Inoiz baino hobeto ibili gara. Aurtengoa urterik onena izan da, bai ligan, bai sentipen aldetik eta bai taldea kontuan izanik. Talderik indartsuena osatu dugu aurten, eta ez kontratazioengatik edo jokalarien kalitateagatik soilik, baizik eta taldea oso bateratuta egon delako denboraldi osoan. Denboraldia, hala ere, sentipen arraroekin amaitu dugu, eta ez hain pozik. Hala ere, esan beharra daukagu, aurrekoekin alderatuta, azkena izan dela denboraldirik onena.
Sentipen arraroarekin amaitu duzuela diozu, zergatik?
Titulua lortzeko kanporaketan Arabako Araski taldea mendean hartzeko gai izango ginela uste genuen ligako bi partidak irabazi ostean, eta ondo prestatu genituen partidak. Finalerdietara iritsi nahi genuen bai edo bai.
Zer gertatu zen bi partida horietan?
Uste dut ez ginela izan denboraldi osoan izan ginen taldea. Hasieratik gauzak txarto atera ziren, edozein partidatan gerta daitekeena, eta guri, zorte txarrez, kanporaketetan gertatu zitzaigun. Une txar horietan garrantzitsua da talde modura eustea, eta ez genuen hori lortu. Hori da, behintzat, nire sentipena. Hortaz, gorputza sentipen txarrekin beteta geratu zitzaigun. Ondoren, aste bat inguru behar izan dut lasaitzeko eta hausnartzeko. Lasaitasunez, ondoren, konturatzen zara denboraldi itzela egin dugula. Datorren denboraldia aurtengoaren parekoa izatea sinatuko nuke.
Eta, zure jokoa, zelan baloratuko zenuke?
Profesional modura, nire urterik onena izan dela esango nuke. Gazteagotan gorabehera gehiago izaten nituen. Aurten, baina, denboraldi osoan egonkor ikusi dut nire burua, eta burua gogor, maila eta kirol honetan oso garrantzitsua dena. Minutu guztiak topera aprobetxatu ditut, eta, beraz, oso pozik nago aurten egin dudan lanarekin.
Erregina Kopa lehenengoz jokatu duzue. Bi hilabete eta erdi igarota, zelan gogoratzen duzu?
Izugarria izan da niretzat aurten Erregina Kopa jokatu ahal izatea. Ez genuen espero, eta sari bezala hartu genuen. Egia da Erregina Kopan ere apur bat estu ibili ginela, eta ez ginela atera behar zen modura. Lehenengo partida irabazita, sentipenak goraka joan ziren. Gero, hala ere, Perfumerias Avenidasen aurka ezin izan genuen; Espainiako eta Europako talderik onenetarikoa da. Hala ere, pozik gaude bizitako esperientziarekin.
Malosten partida gehienak irabazi dituzue, eta aurkarientzat zaila izan da zuek etxean mendean hartzea. Zaleen babesa askotan goraipatu du klubak. Etxeko partidetan Maloste guztiz betetzeak zer suposatzen du zuontzat?
Lehenengo bueltan talde oso gutxik irabazi zuten gurean, Perfumerias Avenidas ere irabazi genuen etxean. Bigarren bueltan, hala ere, uste dut etxean ez genuela lan ona egin; lauzpabost partida galdu genituen eta txarto jokatuta, gainera. Amorru gehien ematen didana da zaleei lauzpabost partida txar horiek eman izana. Bai etxean eta bai kanpoan, zaleen harrera izugarria izan da, beraiek gabe lauzpabost partida barik hamar izango ziren galdutako partidak. Babes handia izan dugu eta motibazio aldetik asko laguntzen du, beste sentipen batzuekin jolasten laguntzen du. Uste dut Erregina Kopako zalerik onenak izan zirela gernikarrak. Hainbat lagun joan ziren Gironara guri babesa ematera. Zaleentzako esker oneko berbak baino ez ditut; eurengatik jokatu dugu Erregina Kopa eta hirugarren postuan geratu gara eurei esker. Emakumezkoen Ligan zaila izaten da Gernikan dagoen moduko zaleak edukitzea, talde handienak baino ez daukate gurelako zaleak.
«Zaleentzako esker ona baino ez dut: eurengatik jokatu dugu Erregina Kopa eta hirugarren geratu gara eurei esker»
Saskibaloi ibilbidea Gernikan hasi zenuen. Lehen urteetan gaur egun zauden lekuan egotea amesten al zenuen?
Bai, Seber Altuben hasi nintzen saskibaloira jokatzen. Kadete mailan sartu nintzen ondoren, Gernikako klubera, eta hemen jarraitzen dut. Ez nuen inondik inora ere pentsatzen honaino iritsiko nintzenik. Hirugarren mailan egoten ginen lehen, gaur egun baino bi kategoria baxuago. Gure izarrak lurralde mailan jokatzen zuten saskibaloi jokalariak izaten ziren, baina urrun ikusten genituen. Ez genuen uste gure klubak Emakumezkoen Ligan jokatuko zuenik.
Esfortzu handia eskatzen du?
Bai, egia esan bai. Maila onean egotea eskatzen du. Lehiatu nahi baduzu eta ondo egon nahi baduzu, esfortzu handia egin behar duzu. Uste dut kirolari profesional guztien kontua dela.
Bizkaiko taldeetan jokatzen duten ume eta gaztetxoentzat eredu zarete. Zer suposatzen du horrek?
Gernikan gero eta ume gehiago ikusten dira saskibaloira jolasten. Malostera hainbeste jende etortzea eta txikitatik partidak horrela bizitzea garrantzitsua da; horrek zaletasuna sortzen du. Kalean, gainera, umeak guri begira geratzen dira, lotsatuta. Gu ere saiatzen gara beraiekin egoten eta entrenatzen, beraiek gu ere ezagutzeko aukera eduki dezaten.