Aske da Xabi Aranburu
Atzo goizean pasatu zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta 12.000 euroko fidantza ordaindu ostean utzi zuten aske. Bost urte egin ditu Frantziako espetxeetanAtzo eguerdian utzi zuten aske Xabi Aranburu preso politiko ondarrutarra,...
Atzo goizean pasatu zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta 12.000 euroko fidantza ordaindu ostean utzi zuten aske. Bost urte egin ditu Frantziako espetxeetan
Atzo eguerdian utzi zuten aske Xabi Aranburu preso politiko ondarrutarra, goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean. 10:30ean hasi zen epaiketa, eta hiru orduz luzatu zen. 12.000 euroko fidantza jarri zion epaileak.Gauean egin zioten ongietorria Ondarroan.
Herenegun Espainiaratu zuten ondarrutarra. Goizean Donostiako komisaldegi batera eraman zuten, eta iluntzean, Madrilera, atzo goizean Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu zedin.
2012ko maiatzaren 27an atxilotu zuten Aranburu Frantziako Cauna herrian, eta orduz geroztik, hainbat espetxetan egon da, beti ere Frantzian. Epaileak ETAko kide izatea leporatu zion, eta baita ere ustez lapurtu zuten auto baten jabeari 1.500 euro ordaintzea. Zigorra betetakoan Frantzia uzteko agindua eman zuen epaileak. Ekainean Fleuryko espetxera eraman zuten.
2013ko martxoan Aranburu Frantziako Muret Seysses espetxeko zigor ziegan «larri» zegoela salatu zuten senideek. Orduan, presoaren egoera «infernua» bezalakoa zela azaldu zuten. Egoera «larrian» zegoela gaineratu zuten lagunek; bisitara bertara oinetakorik barik eta eskuburdinekin lotuta eraman zutela salatu zuten. Urte bereko apirilean, Frantziako Muret Tolouse kartzelatik Lyon-Cobarseko Maison d’ Arret kartzelara eroan zuten, Euskal Herritik 900 kilometrora. Espetxe aldaketa tarteko, hiru egunean, senideek ez zuten jakin non zeukaten.
2013ko uztailean Aranburuk osasun arazoak eduki zituen, eta ospitalean probak egin ahal izateko zailtasunak izan zituen. Urte bereko urrian, Aranburuk «funtzionarien jipoi gogorra» jasan zuela salatu zuen Etxeratek.
Elkarretaratzeak
2017ko apirilaren 17an geratu behar zen aske, baina egun batzuk arinago, Espainiak euroagindu eskaera egin zion Frantziari, eta apirilaren 21ean onartu egin zuen Frantziak eskaria. Bien bitartean, Mont de Marsan espetxean eduki dute preso. Bertan bete du zigorraren azken zatia.
Aranbururen askatasuna eskatzeko eta Espainiaren euroaginduaren aurka, hainbat elkarretaratze egin dituzte azken egunetan Ondarroan. Apirilaren 20an Kalekutzeko eskaileretan batu ziren, eta euroagindua ez onartzeko eta Xabi Aranburu aske uzteko eskatu zioten Frantziari. Lagunek deitutako eta senideek babestutako prentsaurrekoaren ostean, Sortuk deitutako elkarretaratzean bildu ziren herritarrak.
Herenegun ere, Aranburu espainiaratu eta epaitu egingo zutela jakinda, asanblada eta elkarretaratzea deitu zituen Sortuk.