Unai Rementeria eskualdeko herritarrekin bilduko da hilaren 18an
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hainbat topaketa egin ditu bizkaitarrekin, eta maiatzaren 18an (eguena) Gernika-Lumoko Batzarretxean izango da Busturialdeko topaketa. 18:30etik 20:30era batzartuko direla jakitera eman dute.
Zurekin Bizkaia eraikitzen dugu. Iritzia eman. Parte hartu. Ekin izenburupean Bizkaiko Foru Aldundian egiten ari diren kudeaketaren berri emango die Rementeriak herritarrei. Era berean, horien iritzi eta proposamenak jasoko ditu.
Hain zuzen ere, Busturialdekoa Bizkaiko azken topaketa izango da (iazko azaroaren 17an Bilbon egin zuten lehenengoa). Topaketa horrekin amaituko dute Ahaldun Nagusiak Bizkaiko herritarrekin egindako eskualde mailako topaketen lehen ziklo hau. Bilbon, Basaurin, Igorren, Durangon, Santurtzin, Markina-Xemeinen, Balmasedan, Leioan eta Txorierrin egin dituzte aurreko topaketak.
Topaketan parte hartu gura duten Busturialdeko bizilagunek aurretik izena eman behar dute. Horretarako 94-612 16 00 telefono zenbakira deitu behar da edo web.bizkaia.eus/eu/partehartu webgunean apuntatu.
Herritarrek izena eman ondoren, gonbidapena bidaliko diete, topaketara joango direla egiaztatu dezaten.