09:00etan hasi eta 15:00ak arte, udal merkatu plazak bertoko produktuen udaberriko azoka hartuko du zapatuan, laugarren urtez.
Gaur aurkeztu dute udaberriko azoka, udal merkatu plazan
Bokarta sasoiko produktua dela kontuan hartuz, bokarta pintxoak dastatzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek 12:00etatik 14:00etara. Era berean, Tito Blas garagardoa dastatzeko aukera ere egongo dela azaldu dute. Taloa eta txorizoa eskaintzen duen txosnak ere ez du hutsik egingo.
Horrez gain, udal merkatu plazako saltokiek euren kalitatezko produktuak eskainiko dituzte, eta gozoak, produktu ekologikoak eta Bermeoko enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera ere egongo dela esan du azokaren aurkezpenean Bermeoko Udaleko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Hori guztia, euskal musikarekin girotuta egongo dela jakinarazi dute, «giro aparta» sortuta.
Umeak hurbiltzeko. Familiak erakarri gura dituzte azokara, hortaz, umeek ere lekua izango dute udaberriko azokan. Ainhoa Maguregi Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) kideak azaldu duenez, umeek aurpegia marrazteko tailer batean parte hartu ahalko dute, 11:00etatik 13:00etara. Horiekin bi begirale egongo direla esan du; beraz, «umeak tailerrean dauden bitartean, gurasoek merkatu plazako giroaz disfrutatzeko aukera edukiko dute».
Mota honetako ekimenen bitartez, udalak Bermeoko azoka indartzea du helburu nagusi. «Sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren eta arrantzaleen onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen laguntzen duelako», azaldu du Ormaetxeak.
Bermeoko udal azoka azpiko aparkalekuak, erabiltzaileei autoak aparkatzeko aukera ematen dietela gogorarazi dute azokaren aurkezpenean, «erosketak errazago egiteko».
Bariku arratsaldeak. Berazeleko ordezkariek herritarrei gogorarazi nahi izan die bariku arratsaldeetan udal merkatu plaza zabalik egoten dela, 17:00etatik 20:00etara, «denei erraztasunak emateko».