Gerrekin amaitzeko eskatu dute. Euskal Herriko hainbat lekutatik Gernikara heldutako milaka herritarrek iraultza politikoa eta soziala eskatu dute, errefuxiatuek bizi duten egoera aldatzeko.
Kolore horiz jantzi dute Gernika asteburuan, eta deialdiak izan duen erantzunagaz “pozik” da Ongi etorri errefuxiatuak Bizkaia plataformako Maitane Azurmendi. “Jende askok parte hartu zuen, eta, gainera, asko lagundu zuten; esaterako, garbiketa lanetan”. Asteburua antolatzeak “lan handia” suposatu duen arren, ekimenaren arrakastak eta emaitzak orain arteko nekea “konpentsatu” egin dutela aitortu du Azurmendik. Guztia “ondo” atera dela eta, pozik da plataformako kidea, eta, orain, “atsedenerako garaia” dela esan du.
Bidea “oso zaila” izan dela aitortu du, denboraz “estu” ibilita, guztia antolatzea “konplexua” izan baita. Hala ere, bide horretan ilusioz betetako jendea aurkitu duela-eta, horri eman dio garrantzia.
Euskal Herria babes herria dela adierazi zuten atzo, eta Europako politikak kritikatu; hain zuzen, politika horiek direlako gerretatik ihesean dabiltzanei babesa ematea eragozten dutenak.
Atzo Pasealekuan egin zuten ekitaldian gogoratu zutenez, duela 80 urte gernikarrak eta euskal herritarrak izan ziren herritik alde egin behar izan zutenak, gerratik ihesean. Oholtza gainean Hassana, Monika, Mahmud, Marian, Yahia edo Marta izan ziren atzo. Gaur egun munduan dauden ‘beste Gerniketatik’ ihesean heldu dira Euskal Herrira.
Argazkia: Laura Valles
Yahia Koddo siriarra ikastera etorri zen Euskal Herrira. Orain urtebete, 2016ko apirilaren 26an bera izan zen Astrako babeslekuan 04 minutu ekimenean
sirena piztu zuena, Ruba Hassan-ekin batera. Atzo, Pasealekuko oholtza gainetik, Gernikak memoria eta itxaropena ordezkatzen dituela esan zuen, faxismoaren eta diktaduren aurka borrokatzen jarraitzeko: “Nire herriaren itxaropena da». Familia ia osoa hil zaio Sirian. Gasteizen ikasten ari zela piztu zen gerra haren herrian, eta inoiz ez zuen pentsatu errefuxiatuta geratu beharko zuenik Euskal Herrian.
Argazkia: Laura Valles
Mariam Fathik, Mahmud Traorek, Martak, Pilarrek ere euren esperietzia aipatu zuten,
Berriak jaso duenez.
Gaur ere hainbat jarduera egingo dituzte Gernikan, errefuxiatuei babesa eman asmoz.