"Gaur badakigu giza eskubideen kontrako erasoa izan zela"
Dieprand von Richtofen eta Karl- Benedikt von Moreau- Kondor Legioko kideen senideak
80 urtera, 1937an Gernikan entzun zen sirena bera pizteak zer suposatzen du zuentzat?
Von Richtofen: Hunkitu egin nau, batez ere, kontuan izanda sirena horrek hainbat bizitza salbatu zituela.
Von Moreau: Bai, momentu hunkigarria izan da. Eta gaurko ekintza gaur egun leku askotan entzuten diren sirenekin lotu dut. Jende askok, gaur egun, egoera larria bizi dute eta haiekiko elkartasuna ere adierazi nahi dut.
Iaz Yahia Koddo eta Ruba Hassan siriarrek piztu zuten sirena. Haiek esan zuten gaur egun Sirian ez dagoela abisua ematen duen sirenarik. Alemaniatik, nola bizi da gaur egun Siriako herritarrek bizi duten egoera?
Von Moreau: Iraganean gertatu zenetik irakaspen bat hartu izan dugu alemaniarrek, eta nire itxaropena da Sirian ere bakerako eta berradiskidetzarako gai izango direla egunen batean.
Von Richtofen: Bigarren mundu gerratik atera dugun lezioetako bat da 60 milioi biktima utzi zituela. Europa mailan bai, kontzientzia hartu dugu gertatu zenarekin eta, nolabait, azken hamarkadetan bakean bizi izan gara. Baina hainbat herrialdetan, antza denez, ez dute irakaspenik hartu, Ukranian edo Siriak, kasurako. Beraz, gerra hurbil dugu berriro, eta abisu bat bezela ikusten dut.
Von Moreau: bakea ez da egoera normalizatu bat, egunero lan egin behar da bakean bizitzeko.
Alemaniako Gobernuak 1937ko agintariek bonbardaketan izan zuten erantzukizuna onartu zuen, parkamena eskatu zuen. Espainiak ez du gertatu zena onartu nahi. Nola baloratzen duzue jarrera hori?
Von Richtofen: Ez dagokigu guri Espainiako jarrerari buruzko iritzia ematea, baina beste leku batzuetan, gerra osteko prozesuek luze jo izan dute. Adibidez, Alemaniako batasuna ez genuen espero, baina eman zen.
Von Moreau: Bakerako bidea izan daiteke mugak kentzea. Europan mugak kendu beharko genituzke, Alemaniakoa adibide hartuta. Izan ere, Alemaniako kasuak erakutsi digu mugak ezabatzen direnean batasuna lortzen duela, eta batasun horrek bermatzen du bakea.
Berriak erreportajea argaitaratu du gaur Kondor legioaren esku hartzeari buruz. Zure osabaren argazkia agertzen da eta izandako arduraz hitz egiten da. Zer esanahi dauka horrek zuretzat?
Von Richtofen: Ez da erraza bere irudia ikustea, ez zen pertsona erraza izan. Nahiz eta urte askoan bere familian ohorearekin hartu zuten, azken 20 urteotan jarrera oso kritikoa sortu da. Langilea eta efizientea zen, anbizio handikoa. Neurri batean, ezaugarri onak dira, baina ezaugarriok bere itzalak ere badauzkate: enpatiarik ez zeukan, garapena lortu nahi zuen edonola, bere arrakasta besterik ez zuen bilatzen eta militarki oso efizientea zen. Garaiko jeneralen irudiaren adibide da; horrelako ezaugarriak zeuzkaten. Gaur egun badakigu orduko erasoa nazioarteko giza eskubideen kontrakoa izan zela, ondo ikertuta baitago. Senideontzat oso zaila da hori onartzea. Bere alabari zaila egiten zaio, eta lotsa sortzen dio.