Etorkizuneko oroimena lantzen
Urtero legez, batzuek zein besteek antolatutako ekitaldiek bete dute gaur gernikarren agenda. Duela 80 urte gertatutakoa ez ahanzteko deia egin dute, oroimen kolektiboa lantzearen garrantzia nabarmenduta.
Bai estatuek, eta baita jendarteak ere, memoria bizirik mantendu behar dutela esan du Von Richtofenek. Nazionalsozialismoak Gernikara, Europara eta mundu osora zabaldu zuen mina gogoan izan behar dela azpimarratu du. Von Moreauk, bestalde, bere familiak hainbatetan erakutsitako damua berretsi du gaur, bonbardaketatik bizirik atera ziren gernikarren aurrean. «2003. urtean adierazi genuen gure damua nire neba-arrebek eta nik, gernikako herritarrei zuzendutako eskutitz batean. Anaiak berak ere berriro damu hori erakutsi zuen orain 10 urte, bonbardaketaren 70. urteurrenean. Orain, ni nago hemen. Nire osaba Kondor legioaren pilotua zen, eta Gernikan eragindako heriotza, sufrimendu eta suntsiketarekin sentitzen dugun lotsa eta tristura adierazi nahi ditut», esan du.
Orain zortzi hamarkada bonbardatu zuten Gernika. Baina ordu horiek ez ezik, «bonbardaketaren biharamunean» fokoa jartzeko ahalegina egin dute laurogeigarren urteurrenean. Besteak beste, herri antzerkiak ikuspuntu hori eman nahi izan dio aurten kalean antzezten duten Gernika Garretan obrari. (Argazki galeria hemen ikusgai). Amuma nora goaz? antzezpenarekin, errefuxiatuak ere presente izan dituzte aurten Gernikako Lobek.
Gaua heltzearekin batera, kandelen argiek piztu dute herria, urteroko manifestazio isilean.
Bakearen aldeko sariak. Gernika Sarietan ere ‘beste Gernikak’ izan dituzte gogoan. Hala, minutu bateko isilunea egin dute gaur egun gerretatik ihesi dabiltzanengatik.
Hamairugarren urtez eman dituzte sari horiek. Justizia eta memoria izan ditu hizpide Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok. Mina eta doluari aurre egiteko parkamena eta berradiskidetzea beharrezkoak direla esan du, baina ez dela ahaztu behar.
Gervasio Sanchez kazetariak, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARCeko buru Rodrigo Londoño Timochenkok hartu dituzte Gernika Sariak. Azken bi horiek ezin izan zuten Gernikan egon. Santosen ordez, Kolonbiako Bakerako Goi Mandatari Sergio Jaramillok hartu du saria, eta Enrique Santiago abokatu eta FARCeko aholkulari Londoñoren ordez. Santiagok argitu duenez, FARCeko buruak ezin izan zuen Gernikara bidaiatu Kolonbiako Gobernuak baimenik ez diolako eman. Era berean, Habanako akordioa sinatu zutenetik Kolonbian eskubide zibilen alde ari ziren 80tik gora lagun hil dituztela salatu du Santiagok.
Sanchez kazetariak mundu zabaleko gerrak erretratatu ditu, eta bere lanarekin bakearen alde egindakoa aitortu diote. Kazetariak esan zuenez, munduko gerren atzean daudenak «munstroak» dira: «Arazoa da exekutatzen, seinalatzen, krimenak isiltzen eta gertakari odoltsuak protagonizatzen dituztenak gu bezalako pertsonak direla». Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa dela esan du, eta bakea lortzeko beharrezkoak direla memoria, egia eta justizia.
52 urteko gatazka atzean utzita, bake prozesua sinatu zuten 2016ko abuztuan Gobernuak eta FARCek. Jaramilloren esanetan, 50 urtez luzatutako gatazka amaitzea zaila da, baita bakea errotzea ere. Saria eskertu eta Kolonbiako bake prozesuari emandako babesagatik esker oneko berbak izan zditu Rajoyren gobernuarentzat ere, eta Lizeoan bildutakoen artean zurrumuak eragin ditu horrek. (Argazki galeria hemen ikusgai).