Zortzi hamarkada beteko dira gaur faxistek Gernika bonbardatu zutenetik, eta urteurren hori gogora ekartzeko, hainbat ekimen egingo dituzte aurten ere herrian. Instituzio publikoek antolatutakoei, herritarrek prestatutakoak gehitu behar zaizkie.
Mahainguruak, aurkezpenak, performanceak, hitzaldiak, omenaldiak, mintegiak… izan dira, besteak beste, aurreko egunetan; eta datozen egunetarako ere bonbardaketaren urteurrenarekin lotutako hainbat ekitaldi egingo dira Gernika-Lumon.
Ekitaldiz beteriko eguna. Gaur, 10:30ean emango diote hasiera bonbardaketaren urteurreneko egitarauari, George Steer kazetariari egingo dioten omenaldiarekin. Steerrekin batera, Mathieu Corman
Ce Soir egunkariko kazetaria eta, oro har, gerra korrespontsalak ere omenduko dituzte gaur.
Bonbardaketatik laurogei urte joan dira, eta urte guzti horietan Gernika-Lumok Bakearen, Adiskidetzearen, Kulturaren eta Askatasunaren Herria izateko apustua egin duela nabarmendu dute udal arduradunek. «Nazioartean mundu hobeagoa eraikitzearren, konkista sozialak eta balore etikoak aldatzen doazen garaian bizi garela gogoan du udalak. Baina, nazioarte mailan, horrek tentsioa ere badakarrela dio: «Segurtasun eza, erlijio gatazkak, giza eskubideen zapalketa…». Dena den, etorkizunari begira itxaropentsuak diren egitateak ere aipatu dituzte udal agintariek, ETAren armagabetzea edota Kolonbiako bake akordioa, kasurako.
Aurten, gainera, hegoamerikako herrialde hartako bake prozesuan protagonista direnek hartuko dute Gernika Saria. 12:00etatik aurrera, Lizeo antzokian egingo duten sari banaketan, bakearen eta berradiskidetzearen alde egindako lana aitortuko diete Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosi, FARCeko buru Rodrigo Londoñori eta Gervasio Sanchez gerra argazkilariari.
Atzo, bestalde, Gernika-Lumoko udal arduradunek harrera egin zioten Kolonbiako Bakearen goi mailako agintari Sergio Jaramillo Canori.
Gernika eta Gernikak. Udalak ez ezik, herriko elkarte eta taldeek ere bonbadaketa eguna, ondorengoak eta gaur egun artean izandako ondorioak gogoan izateko ekimenak antolatu dituzte. Gernika-Lumoko Lobak ekimenak, esaterako, prentsaurrekoa eman zuen hilaren 18an.
Bonbardaketa sufritu zutenen lobek esan bezala, 1937ko apirilaren 26ko triskantza haren testigantzak lehen eskutik jaso dituen azken belaunaldia dira. «Gure aitona-amonek kontatu ziguten haiek bizitakoa, eta, orain, guri dagokigu haiena kontatzea». Gernika bakarrarekin nahikoa dela esan zuten, eta urteurren honetan mezu argi batekin datozela: «Gure aitona-amonak ere izan ziren errefuxiatuak eta orain, guri dagokigu gerratik ihesi dabiltzan pertsonei babesa ematea». Hala, Ongi etorri errefuxiatuak ekimenaren baitan zapatu-domekan eingo dituzten jardueretan parte hartzeko deia egin zuten.
Gernika 2037 ekimenaren aurkezpena ere egin dute. Herriak gorde duen ondare apurrari balioa eman eta bonbardaketaren markak birsortu nahi dituzte. Abendura bitartean, beraz, etorkizunerako ariketa egingo dute, eta hurrengo saioa ekainaren 16an egingo dute.
Gaur, bestalde, azken urteetan egin bezala, Astrako sirena piztuko dute 15:45ean, bonbardaketa hasi zen ordu berean.