Herritar askok bat egin zuten zapatuan Astillero Toxikorik Ez plataformak deitutako elkarretaratzeagaz. Bermeoko Udalak Astilleros de Bermeo SL enpresari emandako
jarduera lizentziaren aurkako protesta izan zen, hain zuzen ere. Lizentzia horrekin
beira zuntzezko itsasontziak eraiki ahalko ditu ontziolak.
Herritarrak elkarretaratze isilean
Astillero Toxikorik Ez plataformaren arabera, «lizentzia horregaz ontziolak toxikoak diren materialak erabili ahalko ditu ontziak eraikitzeko». Ondorioz,
jarduera berria euren osasunerako «kaltegarria izan daitekeen» beldur dira. Hala, ontziola udalerriko erdigunetik aldendu dezatela eskatzeko elkarretaratze isila egin zuten zapatuan, Artza kaian bertan, ontziolaren aurrean. Era berean,
lizentzia horren aurkako alegazioak aurkeztuko dituztela azaldu dute.
Bermeoko Udalaren arabera, jarduera
baimena eman beharra eduki dute, «gaur egun
indarrean dauden lege eta planeamenduak betetzen dituelako». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailek eta udaleko hainbat teknikarik egindako txostenak aldekoak direla diote, eta horiek «lotesleak» direla. Beraz, «nahitaez» baimena eman beharra eduki dutela adierazi dute; «
bestela prebarikazioa egingo genuke».
Bermeoko Udalarentzat herritarren
osasuna «lehentasuna» da. «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari osasun txostena egiteko eskatzerakoan, herritarren kezka helarazi genion. Osasun sailak bere lana egin ondoren, aldeko txostena egin zuen 2015ean. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ere ontziolaren jardueraren aldeko txostena helarazi zigun 2016an», azaldu dute ohar batean.
Txosten guztiak «aldekoak eta lotesleak» izanik, udalak dioenez,
herritarren plataformaren eskariari erantzuna emateko modu bakarra ontziola beste leku batean kokatzea izango litzateke. Horretarako,
Eusko Jaurlaritzak Portuetako plan berezian beste kokapen bat aurreikusi beharko lukeela azaldu dute, eta udaletik, behin eta berriz, eta bide ezberdinen bidez, aipatu aldaketa eskatu diotela gaineratu dute: «Jaurlaritzak aztertuko duela esan digu, baina bitartean, Eusko Jaurlaritzak argitu digunez, indarrean dagoen planeamendua gaur egungoa da. Beraz, legedia hori da, eta ontziola 2009an Eusko Jaurlaritzak emandako kontsezio administratiboa duen legezko jarduera bat da».
Udalak herritarren osasuna bermatzen ez duen eta ingurumena errespetatzen ez duen jarduerarik ez du nahi herrian; horregatik,
«jarraipen zehatza» egingo dutela diote, neurri guztiak betetzen direla ikusteko.
Gaia, hala ere, 2008tik datorrela gogorarazi dute: «2009an EAJren udal gobernuak beirazko zuntza eta olezko itsasontziak egiteko pabilioia eraikitzeko baimena eman zuen, jarduera baimena izapidetu aurretik. Harrigarria da, hortaz, polemika hau orain kaleratzea eta ez 2009an, EAJk baimena eman zuenean».
Bermeoko
EAJk lizentzia ematea eta emateko modua kritikatu ditu: «Eguazten Santuan, oporren atean, modu isilean eta ezkutuan onartu diote lizentzia, EH Bilduren hiru zinegotzi eta alkatearen botoekin».
Lizentzia ukatzeko legezko arrazoiak edukitzea «behar-beharrezkoa» dela diote jeltzaleek, eta horiek badaudela nabarmendu dute: «Ez da ingurumen ebaluaziorik egin legeak dioen moduan; ez da kontuan hartu jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen legeak mota horretako jarduerak herrigunetik 2.000 metro baino gehiagoko distantziara jartzea behartzen duela; eta, gaur egun, ez dakigu ontziolaren ekoizpena zenbatekoa izango den. Ondorioz, ezin jakin daiteke zenbat material arriskutsu gordeko dituzten pabilioian, ez eta ezarri beharreko neurri zuzentzaileak ere».
EAJren ustez, herriaren interesen aurretik jarri ditu udalak enpresa pribatu baten interesak; «eta, orain, euren burua zuritu gura dute besteei errua botaz».