Alicia Gonzalezek irabazi du Busturiko Udala Saria
Emakumeen Euskaldun Txapelketaren barruan, Busturiko Udala Saria lehiatu zuten domekan, eta Alicia Gonzalez izan zen azkarrena. Lointek Team taldeko txirrindulariak 2 ordu, 39 minutu eta 32 segundotan burutu zuen lasterketa.Elite eta 23 urtez azpikoen ...
Elite eta 23 urtez azpikoen kategorian, Lointek Teameko hiru txirrindularik osatu zuten podiuma.
Gonzalezen denbora berean sailkatu zen Eider Merino, eta Alba Teruel hirugarrena, berriz, irabazlearengandik 2 minutu eta 54 segundora sartu zen helmugan.
Kategoria horretan hamabost txirrindularik amaitu zuten 87 kilometroko lasterketa. Busturiko Ekoetxean hasita, Murueta, Forua, Gernika-Lumo eta Gautegiz Arteaga zeharkatu, eta Ibarrangeluraino joan ziren, eta handik Busturira itzuli.
Kadeteetan etxekoa nagusi
Bestalde, kadete mailan 46 txirrindularik burutu zuten 34 kilometroko ibilbidea, Busturia eta Gernika-Lumo artean.
CAF Turnkey Engineering taldeko Amaia Lartitegi busturiarra izan zen azkarrena. 57 minutu eta 28 segundoko denbora egin zuen. Lartitegi etxeko taldean hasi zen txirrindularitzan, eta kadeteen mailan pasatu zen Iurretako taldera.
Oriako Txirrindulari Eskolako Naia Amondarain eta Gipuzkoa-Ogiberri taldeko Garazi Estevez sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, irabazlearengandik denbora berean.
Junior mailako lasterketa ere lehiatu zuten, eta bost txirrindularik lortu zuten lasterketa amaitzea. Sopela-Ugeraga taldeko Sara Martinentzat izan zen garaipena. 2 ordu, 13 minutu eta 29 segundotan burutu zuen 68 kilometroko ibilbidea.
Bi minutu eta 22 segundora sartu ziren beste hiru txirrindulari. Gipuzkoa-Ogiberri taldeko Garazi Erostarbe sailkatu zen bigarren, eta Erostarberen taldekide Irantzu Beloki izan zen hirugarrena.