William Smallwood
Egurtxiki-k bonbardaketaren lekukoei egindako testigantzen funtsa hartu du gaur Gernika-Lumoko Bakearen museoak.
Guztira, bonbardaketatik bizirik atera ziren 129 lagunen lekukotzak bildu zituen 70eko hamarkadan, eta horiekin liburua idatzi zuen:
The day Guernica was bombed. A story told by eyewitnesses and survivors. Gaur, elkarrizketa horien transkripzioa bonbardaketaren dokumentazio zentruaren esku utzi ditu. Elai-Alai aretoan egin dute dohaintzaren sinadura ekitaldia. Jose Mari Gorroño alkateak, Xabier Irujo historialariak eta liburua euskarara itzuli duen Ane Undurragak ere parte hartu dute ekitaldian.
Liburua idaztearen zergatia azaldu du
Egurtxikik gaurko ekitaldian. Saskibaloi eta beisbol taldeetan harreman estua hartu zuen Euskal Herritik AEBetara joandako euskaldunekin, eta haien artean lagun minak egin zituela esan du. Haiekin hasi zen euskara ikasten. Hala ere, 1970ean Ipar Euskal Herrira bidaiatu zuen, Renoko unibertsitateak antolatutako ikastaro batean entzule modura parte hartzeko, eta euskal munduarekin harremana hartu zuen. Gernikara ere etorri zen Pete Cenarrusaren seme Jon Cenarrusarekin batera, eta bonbardaketari buruz berba egiteko herritarrek zuten beldurrak piztu zion interesa. AEBetara bueltan, euskara ikasi zuen asmo argi batekin: Gernikara bueltatu nahi zuen, eta bonbaraketatik bizirik atera zirenak elkarizketatu. Egurtxikik gaurko ekitaldian esan duenez, ezkutuan mantendutako egia azaleratu nahi zuen, bonbardaketa egunean gertatu zenaren egia kontatu nahi zuen egun horretako protagonista izan zirenei ahotsa emanez.
Lan hori burutzeko bueltatu zen Gernikara 1971. urteko udazkenean. Herritar askoren laguntza izan zuen elkarrizketak egiteko, eta denei eskerrak eman dizkie gaur. Bereziki, Maria Angeles Basabek euskara irakatsi ziola gogora ekarri du, eta Juanjo Mintegik gazteleraz egindako elkarrizketen itzulpenak egin ziziola. Lekukotza horietako asko anonimoak dira, jendea hitz egitearen eta izena ematearen beldur zelako. Hala ere, testigantza izen-abizenekin eman zutenak ere badira Egurtxikiren funtsan eta liburuan. Bai elkarrizketatuak eta baita lan hori egiteko laguntza eman ziotenak ere garai hartan asko arriskatu zutela nabarmendu du Xabier Irujok.
Egurtxikik inglesez kaleratu zuen liburua, eta gaztelerazko itzulpena argitaratu zuten gero. Euskarara itzulpena egin du orain Ane Undurraga ziortza-bolibartarrak. Lan horretan ari zela “historiara eta istorioaren barrura” sartzeko aukera izan duela esan du. Bonbardaketari buruz gehiago jakiteko aukera izan duela esan du, istorio partikularrak ezagutzera ematen dituelako liburuak.
Egurkitixik berak esan duenez, lasaitua hartu du testigantzen funtsa Gernikako bonbardaketaren dokumentazioaren esku uztean, “biziraungo duelako, ez delako galduko, eta bere lana Gernikan seguru egongo delako”. 1937ko apirilaren 26an gertatutakoaren lekukotza herrian uzti duelako harro dagoela esan du Smallwoodek, eta egindako lana ahalik eta hoberen egiten saiatu zela.