QR bidez bideo laburrak ikus daitezke Bermeoko historia kontatzen duten paneletan
Herriko toki esanguratsuenetan panelak jarrita eta herriko historia azalduta, ibilbide turistiko bat egin du Bermeoko Udalak. Otsailean aurkeztu zituzten jarritako bederatzi panelak, eta, orain, pausu bat gehiago eman dute. QR bidez, horietan guztietan, bideo laburrak ikus daitezke.
“Bideoek panela kokatuta dagoen toki bakoitzeko historia edota herriko ohitura eta jaiak erakusten dituzte era orijinalean”, esan du Bermeoko Udaleko turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Honako lekuetan aurki daitezke panelak: San Juan Portale, Prantzizko Deuna Atea, Gaztelu, Torrontero, Portuzarra, Baztarre, Tala, Goiko Plaza eta Gaztelugatxeko San Juan. Horiekin guztiekin ibilbide bat osatu gura izan dute, bai eta Alde Zaharrera sartzeko gonbidapena egin ere.