Lorcak eta Lauaxetak bat egiten zuten momentua antzeztuko dute apirilaren 22an, Lizeo antzokian. Bi poeta horien bizitza oinarri hartuta, kultura bi uztartzen dituen lan eszenikoa taularatuko dute.
Ele! Lorca eta Lauaxeta. Obraren izenburua nondik dator?
Eleetan oinarritzen da gure lana. Bi elez hazten diren bi poeta sinboliko eta erreferentzialak dira. Gainera, gure ikuskizunak badarama andaluziar kutsua, Lorcaren mundua. Beraz, animo bezala, ieup! esan beharrean ele! ere botatzen dugu ikuskizunarekin aurrera egiteko.
Gernika-Lumora ekarriko duzuen obran kontatuko duzue bi poeta horien bizitzak guratzatu egin zirela. Zein momentutan eta nola gertatu zen?
Euskal Herria eta Andaluzia beren artean urrun dauden munduak direla pentsatu izan dugu beti. Gainera, bi mundu horiek Euskal Herrian, eta, batez ere gerra garaian, elkarbizitza zelanbait traumatikoa eduki zuten. Gogorra izan da momentu batzuetan. Beraz, zelanbait hori dena azaltzeko, Lorcaren eta Lauaxetaren bizitzaren eta beraien lanen momentuak hartu ditugu taula gainera eramateko. Jende askok pentsatuko du bi horiek ez zutela sekula bat egin, baina bai egin zuten topo. Esan behar da Lauaxetak mirestu egiten zuela Lorca, eta bere lanetan Lorcaren influentzia nabarmena da. Hori ere azaltzen da ikuskizunean. Beraz, Lorca 1935. urtean Bilbora etorri zenean Bodas de sangre antzezlanarekin, Lauaxetak gutuna bidali zion.?Berarekin egoteko gogoa zuela idatzi zion, eta Lorcaren beraren hiru poema ere helarazi zizkion, euskarara itzulita. Horrez gain, Lauaxetak ordurako idatzita zuen poema liburua ere bidali zion Lorcari.
Beraz, elkartu egin ziren.
Bai. Hortik aurrera, batzuek esaten dute elkarrekin jarraitu zutela, beste batzuek ezetz. Dena den, gutuna bidali ziola eta horrartekoa egiazkoa da, eta gertatu zela frogatuta dago. Beraz, obra egiteko, guk hori interpretatu dugu modu sinbolikoan. Alegia, modu goxoan elkartzen diren bi kulturen arteko topaketa bezala hartu dugu. Gero, biek fusilatuta hil zituzten; beraz, bizitzaren amaieran ere, modu batera edo bestera, topo egin zuten.
Kultura biak aipatu dituzu, eta biak uztartu egiten dituzue antzezlanean. Komuneko puntuak ba al dituzte?Euskal?Herriak eta Andaluziak?
Bai, badituzte. Obran azaltzen den moduan, ikus daiteke momentu dramatiko antzerakoak bizi izan zituztela, eta horien eragileak berdinak izan ziren herri batean eta bestean. Gainera, ondorioa izan zen nola lurralde bat pobretzeko ahalegina egin zuten, eta hango jendeak beste lurralde batera alde egin behar izan zuen. Horrela, Lorcaren mundutik?Lauaxetara mundura jende askok etorri behar izan zuen, eta, gaur egun, bi mundu horien batuketa bizi dugu. Jatorri andaluziarra duen lehen eta bigarren belaunaldiko jende euskalduna dugu Euskal Herrian, eta horrekin jokatzen dugu pixka bat.?Eszena gainean daudenen artean badaude bertsolaria, akordeoi jolea eta dantzari bat zeintzuren abueloak Extremaduratik etorri ziren. Bailaora denak ere aita Huelvakoa du.
Zu zuzendaria zara. Nor da lanaren egilea?
Idatziak Lorca eta Lauaxetarenak dira. Obran dauden hitz guztiak, Jon Maiak idatzitako bertsoak kenduta, bi poetek idatzitakoak dira. Horregatik ez dugu zehaztu egilea nor den. Maiak egin duena da Lorca eta Lauaxetaren hitzak ordenatu, hari bat eman. Amaieran, aldiz, obra bukatzeko joko antzeko bat egiten dugu, eta eszenarioan dauden pertsonen aitorpenak sartu ditugu. Horietan bai, nork bere hitzak esaten ditu.
Zer berezi eskainiko dio obraa honek ikusleari?
Nire ustez, obra honek badu gauza interesgarri bat. Izatez, ez da helburu komerztialek bultzatutako obra bat. Talde bat gara, batu gara, eta oroimenari zerbaait eskaini gura diogu. Modu xumean bada ere, gure oroimena eta horrek dakartzan emozio guztiak pizteko asmoa du gure lanak. Beraz, alde horretatik, nolabaiteko ezberdintasuna baduela esango nuke. Horrez gain, esan behar dut obra hau lan eszeniko bat dela, eta horretan hainbat elementu uztartzen dira. Batetik, antzerkiarekin zerikusia duten elementoak, musikak eta kantuak ere presentzia dute obra osoan, eta dantzekin eta irudiekin borobildu egiten dugu istorioa. Gure erronka izan da Lorca eta Lauaxateran mundu poetiko horretan jendea sartzea.