Gernikako ospitale militarrean hildako 270 preso errepublikarrak gogoan izan dituzte aurten, berriro, Gernika-Lumoko Zallo hilerrian egindako ekitaldian. Piper Gorri elkarteak deituta, hidakoen zerrenda biltzen duen muralaren aurrean batu ziren atzo arratsaldean. Elkarteko kide Jose Angel
Txato Etxanizek azaldu legez, ospitale militarrean hil ziren biktimek gizartearen “aitortza behar dute, oraindik orain ez dute-eta”. Hala, ahaztezina ahaztu ezin delako , orain arteko ahanzturari buelta eman nahi diote, oroimena landuz.
Orain arteko bidea luzea izan da, eta, Etxanizen esanetan, prozesuaren beste etapa bat izango da aitortza lortzea. “Gure egunerokotasuneko lekuak heriotz-gune legez ikusteak zirrara eragiten du”. Horren adibide da gaur egungo Gernika BHI insitutua, garai batean Agustinoen eskola eta komentu izandakoa. “Heriotz guneak datorkiguz burura, suntsitutako hiriburuak, arma kimikoekin eraildako pertsonak… Gugandik urrun daude, eta horregatik harritzen gaitu hainbeste gure egunerokotasuneko lekuak heriotz gune bilakatuta ikusteak” –aipatu zuen Etxanizek atzoko ekitaldian–. “Pertsonekin hustu eta gune horien gainean kaleak, espaloiak, zebrabideak, dendak, eskailerak, aparkalekuak eta abar eraikitzen dituzte. Iragana dira, baina ez dugu sekula ahaztu behar”. Berregituratako gune horien memoria oroimenak gordeko duela aipatu zuen gernikarrak.
Lore eskaintza. Musika bandak lagunduta egin zieten omen atzo Gernikan hildako errepublikarrei. Haien izenak eta adina irakurri ostean, lore eskaintza ere egin zuten, izenen zerrenda gordetzen duen muralaren aurrean. 600 gaixorentzako lekua zuen Gernikako ospitale militarrak, baina askoz preso gehiago hartu zituen 1938tik 1940ra. Guztira, 270 preso errepublikar hil ziren bertan, tuberkulosia, tifusa, meningitisa, nefritisa edo bestelako gaitzen bat jota. Gaixotasun asko, gainera, higiene eta zaintza faltak eragindakoak ziren.
Atzoko ekitaldian esan zutenez, ospitalaren beririk ez zuen herriak. Hala, presoak hil ostean, ezkutuan lurperatzen zituzten. Apirilaren 86 urte beteko dira bigarren errepublika aldarrikatu zutenetik, eta Piper Gorri elkarteak, atzoko omenaldiaren bidez, gogora ekarri nahi izan ditu Frankismo garaiko lehen urteetan Gernikan bertan hil ziren errepublikarrak. Elkarteak aipatu zuenez, “Gertakri hura ezin dugu ahaztu, eta historiaren harian bere lekua eman behar diogu, baita askatasunen alde egin zutenei ere. Memoriari eutsi behar diogu”.
Susmoak. Atzoko ekitaldian, gainera, errepublikarren aztarnak Zallo hilerriko lorategietan lurperatuta
daudelaren susmoa dutela esan zuen Gernikazarra Historia Taldeko eta Piper Gorri elkarteko kide Jose Angel Txato Etxanizek. Hala ere, ezer baieztatu aurretik, Aranzadikoek aztertu beharko dutela esan zuen.